Ekonomia -

Lan gatazka

Trenen grebak bigarren eguna du asteazken honetan, Frantzian

Datozen hiru hilabeteetarako 36 greba egun deitu dituzte, Emmanuel Macronen Gobernuaren egitasmoen aurka egiteko. Lanuzteak milioika pertsonari eragin zien asteartean.

TER aldiriko tren bat, jendez lepo Parisko Saint-Lazare geltokian. Argazkia: EFE
TER aldiriko tren bat, jendez lepo Parisko Saint-Lazare geltokian. Argazkia: EFE
TER aldiriko tren bat, jendez lepo Parisko Saint-Lazare geltokian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trenen grebak bigarren eguna jarraian du gaur Frantzian. Oso tren gutxi ari dira zerbitzua ematen, eta milioika pertsonak arazoak dituzte garraioan.

Lanuzteen ondorioz, asteazken honetako zerbitzu programa asteartekoaren oso antzekoa dela jakinarazi du SNCFk. Abiadura handiko trenen (TGV) kopurua zertxobait areagotuko dela erantsi du; izan ere, zazpi trenetik batek zerbitzua emango du; asteartean zortzitik bat izan zen batezbestekoa.

Gainerako tren zerbitzuetan proportzio berdina mantenduko da, hau da, ibilbide luzeko zortzi trenetik bakarra egongo da martxan, aldiriko bost trenetik bat bakarrik eta nazioarteko trenen lau heren soilik.

Hala ere, nazioarteko trenen kasuan, linea ezberdinen arteko desberdintasunak nabarmenak dira; izan ere, Espainia, Suitza eta Italiarekin lotzeko tren guztiak (Bartzelona-Paris, Lyon-Tolosa, Madril-Marseilla) bertan behera geratu dira bigarren egunez jarraian.

Paristik Belgikara eta Herbehereetara doazen Thalys trenak, ordea, “ia normaltasunez” funtzionatzen ari dira. Era berean, Londres lotzen duten lau Eurostar trenetik hiru zerbitzua ematen ari dira, baita Alemaniara doazen hiru konboitik bat ere.

Ia 400 kilometroko auto-ilarak Pariseko sarreretan

Trena erabiltzeko eragozpenen aurrean, pertsona gehiagok auto partikularra aukeratu dute, eta goizean ondorioa begi-bistakoa zen: ia 400 kilometroko auto-ilarak Pariseko sarreretan, Bide Informazio Zentro Nazionalak (CNIR) azaldu duenez.

Datozen hiru hilabeteetarako 36 greba egun deitu dituzte, Emmanuel Macronen Gobernuaren egitasmoen aurka egiteko. Lanuzteak milioika pertsonari eragin zien asteartean.

Lehen lanuztean hiru langiletik batek bakarrik (% 33,9) parte hartu zuela aditzera ematen saiatu da SNCFko zuzendaritza, baina trenak zirkulatzeko ezinbestekoak diren beharginen % 48k eta tren-gidarien % 77k greba egin zutela onartu behar izan du.

FRANTZIA GREBA MANIFESTAZIOA EFE

Astearteko manifestazioa Parisen. Argazkia: EFE

Praktikan, abiadura handiko zortzi trenetik bat soilik martxan mantendu ahal izan zuen SNCFk asteartean, antzeko portzentaje bat ibilbide luzeko zerbitzuan, bosten bat aldiriko trenetan eta heren bat nazioarteko zerbitzuetan.

Protesten aurrean, trenen erreformari eutsiko diola adierazi du Gobernuak. Europar Batasunak agindutako lehiakortasunari ateak zabaldu behar zaizkiolako SNCF egokitu nahi du Macronen Exekutiboak, bide batez konpainiaren zorrari aurre eginez (46.600 milioi euro 2017an).

Sindikatuek, tartean CGT gehiengoa duen sindikatuak, erreforma guztiz aldatzea nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea