Ekonomia -

Nafarroako Parlamentua

Atzera bota dituzte NaBairen, CDNren eta NEBren osoko zuzenketak

UPNren kontrako botoarekin eta PSNren abstentzioarekin, ez dituzte onartu Aurrekontuen kontrako zuzenketak. Gobernua gustura agertu da Foru Erkidegoak "onartutako aurrekontuak behar" dituelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPNren kontrako botoarekin eta PSNren abstentzioarekin, Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu Nafarroa Baik, CDNk eta NEBk 2011ko Aurrekontu Orokorren kontra aurkeztutako osoko zuzenketak.

Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak "urte osoko" lege ekonomiko eta politiko "garrantzitsuena" defendatu du "oso testuinguru ekonomiko zail batean" dagoelako. Izan ere, Foru Erkidegoak "onartutako aurrekontuak behar" dituela uste du.

Haren iritziz, arrazoiak ematea "alferrikakoa" da "Aralarren Nafarroa Bairen aurrean, Nafarroako bideragarritasun ekonomikoa kolokan jartzea baitu helburu bere diskurtso politikoa garatzeko". "Baina nahikoa arrazoi izan beharko litzateke CDNk eta NEBk osoko zuzenketak atzera botatzeko, Nafarroaren egonkortasunaren alde lan egitea dagokien alderdiak dira eta", Mirandaren arabera.

Maiorga Ramirez Nafarroa Baikoak, aldiz, "beste aurrekontu batzuk posible" direla erantzun dio. Bozeramaile abertzaleak uste du "ongizate estatuaren malda arriskutsuan behera" doazela eta "aurrekontu alternatiboak" exijitu ditu.

Jose Andres Burguete CDNren bozeramaileak, bere aldetik, aurrekontuak "txarrak eta arduragabeak" direla saltu du, "langabezia gehiago ekarriko dute, inbertsio publikoa % 30 inguru murriztuko, familien errentak gutxituko, pentsioak merkatuko dituzte" eta abar.

Ion Erro Nafarroako Ezker Batuaren bozeramaileak kritikatu du aurrekontuak "defizit publikoa murrizteko helburu bakarrarekin" egin dituztela. "Zor publikoa murriztu beharra dago, baina ezin da izan Gobernuaren helburu bakarra. Langabeziaren murrizketak eta ekonomia suspertzeak garrantzia berebera edo gehiago izan beharko lukete", haren arabera.

Roberto Jimenez PSNren ordezkariak, berriz, abstentzioa "egonkortasunagatik" eman dutela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea