Ekonomia -
Metodologia hobetuko dute
EBk estres testa egingo die bankuei 2011ko hasieran
Beste irizpide bat erantsi nahi dute azterketa horietan, bankuek likidezia lortzeko dituzten zailtasunen inguruan, baina erregulatzaile nazional gehienak aurka agertu dira.
Erredakzioa
Europar Batasuneko herrialdeek estres testak egingo dizkiete berriro bankuei 2011ko hasieran, Europako Bankuen Aginteak koordinatuta. "Metodologia hobetuko" dute, aurreko azterketetako gabeziak konpontzeko; izan ere, aurreko probetan ez zituzten Irlandako finantza sektorearen arazoak atzeman.
Uztail hasieran aurkeztutako datuen arabera, 91 entitatetatik zazpik ez zuten testa gainditu. Espainiako bost kutxa, Alemaniako banku bat eta Greziako beste banku bat izan ziren. Alabaina, Horietan parte hartu zuten Irlandako bi bankuek, Bank of Irelandek eta Allied Irish Bankek, azterketa gainditu zuten.
Bi hilabete geroago, arazoak zituela eta bertako bankuek 50.000 milioi euro behar zituztela aitortu zuen Dublinek. Horrek guztiak Irlandako zorraren krisia areagotu du, eta EBren eta Nazioarteko Diru Funtsaren erreskatea azkartu.
Azterketa berriak datorren urte hasieran egingo dituzte, eta hilabete batzuk iraungo dute. Otsailean hastea eta emaitzak uda baino lehen argitaratzea espero dute, EBren arabera.
Beste irizpide bat erantsi nahi dute azterketa horietan, bankuek likidezia lortzeko dituzten zailtasunen inguruan, baina erregulatzaile nazional gehienak aurka agertu dira. Aurreko probetan irizpide hori kontuan hartu izan balute Irlandako banku batek ere ez zuen gaindituko.
EBko Ekonomia ministroek urtean behin bankuei estres testak egitea adostu zuten irailaren bukaeran.