Ekonomia -
'Opor fiskalak'
Jaurlaritzak 'banan-banan' aztertuko du epaiaren eragina
ETBn egindako elkarrizketan, Industria sailburua "kezkatuta" agertu da 'opor fiskalen' auziarekin, eta epaiaren eragina "enpresaren araberakoa" izango dela esan du.
Erredakzioa
Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak adierazi du "kezkatuta" dagoela ''euskal opor fiskalen'' auziaren harira, eta aurkako epai baten balizko eragina "banan-banan" aztertu beharko luketela, enpresa bakoitzari ezberdin eragingo liokeelako.
Asteazkenean, Europako Batzordeak Espainiari isun handia ezartzeko eskatu zion Luxenburgoko Justizia Auzitegiari, ''opor fiskalak'' izenarekin ezagunak ziren diru-laguntzak berreskuratzeko agindua urratu izana egotzita.
Undak aitortu du "kezkatuta" dagoela, bi aldeak haien jarreretan "tematu" direlako.
Epaiak izango lukeen eraginari dagokionez, enpresekin "banan-banan" aztertuko beharko luketela esan du.
Gipuzkoako Aldundiaren hitzak
Peio Gonzalez Gipuzkoako Aldundiko Ogasun diputatuak ere ''opor fiskalen'' auzia hartu du hizpide Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Gonzalezek kritikatu egin ditu Europako agintariak, Batzordeak ez baitu azaldu zer dela eta uste duen ez direla itzuli laguntzak.
Diputatuak gogorarazi du Aldundietako Ogasun arduradunak Joaquin Almunia Gai Ekonomikoetarako komisario europarrarekin harremanetan jartzen saiatu zirela, baina "zirriborro orokorra" baino ez zutela jaso, eta horren edukia ez datozela bat orain Europako Batzordeak esandakoarekin. "Gero eta gutxiago ulertzen dugu arazo hau", adierazi du.
Bere esanetan, Aldundiek "informazio guztia" igorri diote Batzordeari, laguntza guztiak nola berreskuratu dituzten azaltzeko.