Ekonomia -
Irlandari lagundu ondoren
Barrosok ukatu egin du Portugal erreskatatzeko presioak jaso dituztela
Europako Batzordearen presidenteak gezurtatu egin du Alemaniako egunkari ekonomiko batek argitaratutakoa eta Portugali laguntzeko planik ez dutela eskatu ez aholkatu ziurtatu du.
Erredakzioa
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordearen presidenteak esan du "erabat gezurrezkoa" dela Portugal erreskatatzeko egitasmo bat osatzen ari direla edo hori egiteko presioak jaso dituztela, Financial Times Deutschland egunkariak argitaratu duena gezurtatuz.
"Hori erabat gezurrezkoa dela esan dezaket", adierazi du Barrosok Ekonomia-Lankidetza Garapenerako Erakundeak antolatutako agerraldi batean. Era berean, Portugali laguntzeko planik ez dutela eskatu ez aholkatu ziurtatu du.
Financial Times Deutschland egunkari alemaniarrak gaur zabaldu duenez, Euroguneko herrialde gehienek eta baita Europako Banku Zentralak ere Portugalek laguntza mekanismoak martxan jartzeko aukera aztertu dute, horrela Espainiaren erreskatea saihesteko.
Hala ere, Portugaleko Gobernua, Barrosoren antzeko hitzak erabilita, izan da lehena informazio hori ukatzen "oinarririk ez duen" albiste "faltsua" dela esanez.