Ekonomia -
Gobernu Bilera
Lanbideren estatutuak onartu ditu Jaurlaritzak
Erakundearen bulego nagusiak Gasteizen egongo dira. Langileentzat programa eta zerbitzuen kalitatea bermatzea, Jaurlaritzaren helburua.
Erredakzioa
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak. Erakunde horren bulego nagusiak Gasteizen egongo dira.
Lanbide arduratuko da enplegu-politika aktiboen inguruko plangintzaren, kontrolaren, ebaluazioaren eta preskripzioaren inguruko egiteko gehienez, nahiz eta Enplegu eta Gizarte Sailaren esku geratuko den enplegu-politikaren plangintza estrategikoak eta arauak ezartzea.
Estatutuek ezartzen dituzte Lanbideren jarduna gidatuko duten oinarrizko printzipioak. Horien jomuga "langileentzako programa eta zerbitzuen kalitatea, eraginkortasuna eta efikazia" lortzea da, laneratzera bideratuta.
Horrez gain, Lanbideren "transbertsalitatea" aipatzen dute Estatutuek, "pertsonak eta enpresak erantzunkidetasunerantz" eta "Lan Ikuskatzailetzarekin koordinatzera" bideratzeko.
Era berean, Lanbideren jardunak ondokoak bermatuko ditu: "gizarte-eragileen partaidetza”, “aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza (sexua, etnia, adina, egoera zibila, ideia politikoak, sindikatu-afiliazioa, erlijioa, iritzia edo hizkuntza direla medio)”, "beren jardunen unibertsaltasuna eta doakotasuna", eta "gizarte- eta lurralde-kohesioa".
Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, Lanbideren estatutuak Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren baitan hitzartu dira, eta, horietan xedatzen denez, Administrazio Kontseilua hiru alderdikoa, paritarioa eta erabakitzailea izango da, eta jaurlaritzako bost kidek, enpresaburuen bost ordezkarik eta sindikatuen beste bost ordezkarik osatuko dute.