Ekonomia -
Euroaren krisia
Trichet: 'Ez dago Euroguneko egonkortasunari buruzko zalantzarik'
Espainiako Ekonomia ministroaren hitzetan, Irlandako erreskatea ez da nahikoa izan; gainera, Alemaniaren jarrerak asaldurei arnasa eman diela uste du.
Erredakzioa
Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak jakinarazi duenez, Euroguneko finantza egonkortasuna "ez dago zalantza larrian", baina "arazoak" ditu.
"Ez dut uste Euroguneko finantza egonkortasuna zalantza larrian dagoenik; orain arazoak ditu, baina ez dira larriak", esan du Europako Parlamentuko diru eta ekonomia gaietarako batzordean.
Tricheten hitzetan, agintarien eta Europako erakundeen ausardia "gutxiesten" dute behatzaileek, eta ez dituzte benetako ekonomiaren zeinu onak ondo aintzat hartzen.
Bestalde, Elena Salgado Espainiako Gobernuko lehen presidenteordearen hitzetan, Irlandako erreskateak eta hartu diren beste neurri batzuk ez dutela egoera normaltzerik lortu.
Espainiako ekonomia ministroak, zeharka bada ere, Alemaniari leporatu dio Euroguneak orain bizi duen tentsioaren ardura. Informazio batzuek diote Alemaniak ez duela diru gehiagorik jarriko Espainia erreskatatu beharko balitz.
Gaur burtsak behera egin du berriro. Ibex 35 indizeak 57,60 puntu (% 0,62) galdu ditu 9.267,20 punturaino. Azaroan burtsak % 14,29 behera egin du, 2008ko urritik izandako hilabeterik kaskarrena. Urteko galerak % 22,39raino heldu dira.