Ekonomia -
Lege proiektuen egutegia
Lehendakariaren agerraldia eskatu dute Aralarrek, EAk, EBk eta UPyDk
Patxi Lopez lehendakariaren agerraldi eskaria egin dute Legebiltzarrean, "lege proiektuen egutegia berriz ere atzeratu duelako". Taldeek "azalpenak" exijitu dizkiote lehendakariari.
Erredakzioa
Aralar, EA, EB eta UPyDren bozeramaileek Patxi Lopez lehendakariaren agerraldi eskaria egin dute, Legebiltzarreko osoko bilkuran ager dadin "lege proiektuen egutegia berriz ere atzeratu duelako, azalpenak eman ditzan". Agerraldi eskarian diotenez, apirilaren 13ko Gobernu Bilerak ''2009-2013 Egitasmo eta Jarduera Esanguratsuen Egutegia'' onartu zuen. "Han esaten zenez, Gobernuaren jarduna planifikatzeko prozesuari dagokio, eta bi alditan jorratu da: Legegintza Egutegiaren egituraketa (egutegi hori iazko azaroaren 17ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onartu zen) eta Egitasmo eta Jarduera Esanguratsuen Egutegiaren prestaketa".
Aralarrek zabaldutako ohar batean azaldu dutenez, ekainaren 15ean, Gobernu Bilerak onartu zuen arren "2009-2013 legegintza-egutegiaren sei hilen behingo jarraipena egitea onartu zuen, hainbat lege egitasmoren atzeratzea jasoz". "Azaroaren 30ean, sei hilabete lehenago hartutako erabakiaren gainetik, lege proiektuak berriz ere atzeratuko direla aitortu du gobernuak, bere bozeramailearen bitartez", gogoratu dute. Lau bozeramaileek adierazi dutenez, agerraldi eskarian, Eusko Jaurlaritzak "hainbat data jarri bere konpromisoekin betetzeko". "Aldiz, egitasmoak behin eta berriz atzeratzen ditu eta Legebiltzarraren lan dinamika baldintzatzen du bere erabakiarekin".