Ekonomia -
Lan gatazka
Metro Bilbaok geldialdiak egingo ditu San Tomasen eta Gabon gauean
Gabon gaueko zerbitzua "inposatu" ostean, enpresa-batzordeak geldialdiak deitu ditu abenduaren 21, 22, 23, 24 eta 25 egunetarako.
Erredakzioa
Gabon gaueko zerbitzua "inposatu" ostean, Bilboko metroko enpresa-batzordeak lanuzte partzialak deitu ditu abenduaren 21, 22, 23, 24 eta 25 egunetarako, sindikatuek adierazi dutenaren arabera.
Sindikatuek eta batzordeak izan duten bilera batean, batzordeak abenduaren 21ean, San Tomas egunean, goizez eta arratsaldez bi orduko geldialdia egitea erabaki du, ELA, LAB, CIM eta ESK sindikatuaren babesarekin. 2009an, Metro Bilbaok bidaiari gehien izan zituen eguna izan zen San Tomas eguna.
Horrez gain, batzordeak abenduaren 22, 23 eta 24 egunetan, goizean eta arratsaldean, ordubeteko geldialdia egitera deitu ditu langileak.
Eguberri egunerako, berriz, lanuzteak sindikatu guztien babesa jaso du, baita CCOO eta UGT sindikatuena ere.
Egun horretarako, geldialdia gauerditik 10:15era arte izango da; izan ere, "inposatutako" zerbitzuarengatik protesta egin nahi dute sindikatuek.
Enpresa batzordeak datorren abenduaren 14rako langileekin bilera bat antolatu du eta, abenduaren 16ean, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzaren aurrean kontzentrazioa egiteko deialdia ere egin du.