Ekonomia -
Turismoa
Errumania, BECeko Expovacaciones azokaren herrialde gonbidatua
Maiatzaren 4tik 6ra bitartean, hamabost autonomia erkidego eta hainbat herrialde (Portugal eta Kuba, besteak beste) egongo dira bertan euren turismo eskaintza aurkezten.
agentziak | erredakzioa
Expovacaciones azokaren 39. edizioa maiatzaren 4tik 6ra bitartean egingo dute Barakaldoko BECen, eta 15 autonomia erkidego eta hainbat herrialde egongo dira bertan euren turismo eskaintza aurkezten. Aurten Errumania da herrialde gonbidatua, eta, hori dela eta, toki berezia izango du.
Autonomia erkidego eta herri horiek euren jomuga eta eskaintza “erakargarrienak” erakutsiko dituzte, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiaren arabera, eta azokak “turismo eskaintza zabala” ezagutzeko aukera ematen duela gaineratu du.
Errumaniaren gunean, antolatzaileek eremu berezia prestatu dute, produktu tradizionalak dastatzeko aukera, artisautza erakusketak eta herrialdeko jarduera kulturalak eta turismo eskaintzari buruzko informazioa izango baitira bertan.
261 erakusketari egongo dira Expovacaciones azokan, turismo enpresak, handizkariak, bidaia-agentzien ordezkariak, garraio konpainiak, hotelak, kanpin eta karabana enpresak eta higiezin-enpresak, besteak beste.
Autonomia erkidego hauek egongo dira azokan: Euskadi, Nafarroa, Galizia, Andaluzia, Asturias, Kantabria, Errioxa, Murtzia, Valentzia, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Kanariak, Balear Uharteak, Madril eta Gaztela eta Leon.
Nazioarteari begira, Errumaniarekin batera beste hainbat herrialde egongo dira bertan euren turismo eskaintzaren berri ematen: Argentina, Txile, Kuba, Dominikar Errepublika, Portugal, Maroko, Japonia, Frantzia, Andorra eta herrialde eskandinaviarrak.
Kirola eta garraioa
Aurtengo edizioan, 5.000 metro karratutik gorako eremua izango ditu azokak karabanei zuzenduta. 26 marka eta era guztietako 70 ibilgailu baino gehiago egongo dira bertan, eta berritasun ugari eta bidaiarientzat funtsezkoak diren osagarriak erakutsiko dituzte.
Beste berritasun bat izango du aurten Expovacacionesek: “I Torre Bec Extreme”. Kirol-proba hau maiatzaren 5ean egingo dute, 16:30ean, Bizkaiko Atletismo Federazioak babestuta, eta parte-hartzaileek kronoigoera egin beharko dute BECeko dorrera. 19 solairu eta 626 eskailera-maila igo beharko dituzte.