Ekonomia -
Militarrak erabili baino lehen
Gobernuak ultimatum bat eman die aire-kontrolatzaileei
Kontrolatzaile militarrak erabili ditzake Gobernuak aire-kontrolatzaileek lanuztea bertan behera uzten ez badute, Jose Blanco Sustapen ministroak azaldu duenez.
Erredakzioa
Gobernuak ultimatum bat eman die aire-kontrolatzaileei lanera bueltatzeko edo militarrak erabiliko ditu. 21:30era arteko epea dute lanera bueltatzeko.
Jose Blanco Sustapen ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, Gobernuak ostiral honetan Errege Lege Dekretuz onartutako neurriak abian jarriko ditu; besteak beste, militarrak erabiltzea aireportuetan aire-kontrolatzaileen zerbitzu hori eskaintzeko. Aire-kontrolatzaileek euren lanpostuak utzi ostean kaosa da nagusi aireportuetan.
Juan Ignacio Lema Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioko (AENA) presidenteak prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Jose Blanco Sustapen ministroak deitutako krisi kabinetea irtenbide alternatiboak bilatzen ari da kaosaren aurrean, baina azken erabakia Gobernuak duela zehaztu du. Alternatiba militarra planteatu dutela jakitera eman du.
Era berean, aire-kontrolatzaileei azterketa medikoak egiteko agindua eman dutela azaldu du Lemak. Izan ere, kontrolatzaileek arazo fisikoak argudiatuta utzi dituzte gaur euren lantokiak.
Lemaren hitzetan, kontrolatzaileen jarrera arduragabe horrek "kalte handia" egiten dio Espainiari eta delitua izan daiteke.
Kontrolatzaileen osasuna egiaztatzeko eskatu diote Nazioarteko Medikuntza Zentroari (CIMA), Lemak azaldu duenez. Zenbait langilek estresa eta takikardiak zituztela argudiatu dute lantokia uzteko, AENAko presidenteak erantsi duenez.
Egitasmo alternatiboak
Era berean, Gobernua Renferekin plan alternatiboak aktibatzen ari da egoera arintzeko, Lemak azaldu duenez.
"Xantaiarekin" amaitzeko eta "herritarrak bahitzeari uzteko" eskatu die kontrolatzaileei AENAko presidenteak. Parlamentuak lege berria onartu aurreko pribilegiozko egoerara itzuli nahi dute kontrolatzaileek guzti honekin, Lemak salatu duenez.