Ekonomia -

Ikerketa

'Eskola jangeletako enpresen auzian Administrazioak ez zuen irregulartasunik egin'

Hala esan du Lehiaren Euskal Agintaritzak Legebiltzarreko ikerketa batzordean. Eskoletara janaria eramaten duten enpresek eta Administrazioak legez kanpoko akordioa egin ote zuten ikertzen ari dira.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Alday Lehiaren Euskal Agintaritzako Ikerketa zuzendariak esan du ikastetxe publikoetako jantokien kudeaketaren auzian ez dutela lege urraketarik antzeman eta ez dutela inolako frogarik Administrazio Publikoak eta zerbitzu hori ematen duten enpresen artean itunik egin zela esateko.

Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean agerraldia egin du Aldayk. Eskola publikoetako jangelak kudeatzeaz arduratzen diren enpresen kontratazioan Eusko Jaurlaritzak erantzukizunik ote duen ikertzen ari dira Gasteizko Ganberan.

2016an, Lehiaren Agintaritzak 18 milioi euroko isuna jarri zien zazpi enpresei, 2003-2015 epealdian merkatua banatzeagatik eta prezioak adosteagatik. Urte horietan EA, EAJ eta PSE-EEko sailburuek zuzendu zuten Hezkuntza Saila.

Isu horren ondotik Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzak ikerketa bat jarri zuen baina, baina enpresa horien jardueran ez zuen delitu zantzurik aurkitu eta, ondorioz, auzia artxibatu zuen.

Konpainia horietako batzuek helegitea aurkeztu zuten isunaren kontra eta, 2017an, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak % 60an murriztu zuen isuna, baina enpresen arteko akordioa Eusko Jaurlaritzaren "erreakzio, ikerketa, kontsulta edo prebentzio faltagatik" izan zela erantsi zuen.

Gaur, Lehiaren Agintaritzako Ikerketa zuzendariak esan du irregulartasun penalik antzemanez gero, Fiskaltza berehala ohartaraziko luketela, "baina sektore publikoko kontratazio legea urratzen duen ezer ez genuen aurkitu".

"Ez dugu inolako frogarik, ezta mezu elektronikorik ere, Administrazio Publikoak eta aipatu enpresek akordioa egin zutela esateko. Adjudikazioen emaitzak soilik ditugu eta, horren arabera, enpresek ez zutela jokabide zuzena izan ondorioztatu genuen", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Ekonomia Albisteak