Ekonomia -
SEPLA
Mobilizazioak Gabonen ostean egitea erabaki dute pilotuek
Sustapen Ministerioko ordezkariekin bilera egin behar zuten aste honetan, baina abenduaren 14ra atzeratzea erabaki dute pilotuek, SEPLA sindikatuko bozeramaile batek jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Mobilizazioak Gabonen osterako utziko dituztela iragarri dute pilotuek, "guztiek jai lasaiak izatea, eta beldurrik gabe igarotzea" nahi dutelako, SEPLA sindikatuko bozeramaile batek gaur jakitera eman duenez.
Sustapen Ministerioko ordezkariekin bilera egin behar zuten aste honetan, baina abenduaren 14ra atzeratzea erabaki dute pilotuek, erantsi du iturri berdinak.
Isaias Taboas Garraio estatu-idazkariak bilera atzeratzeko deitu zion SEPLAri eta pilotuen sindikatuak onartu egin du. Sindikatuko bozeramaileak gaineratu duenez: "Bilerari itxaron egingo diogu, eta Gabonetan aire trafikoa ez dugula oztopatuko bermatzen dugu".
Iragan astean pilotuen ordezkariak Sustapen Ministeriorekin bildu ziren eta zirriborro bat prestatzea adostu zuten, pilotuen lanaldiak eta atsedenaldiak arautzeko.
Duela urtebete hartutako konpromisoa betetzeko eskatu diote Ministerioari. Aireko langile guztien atsedenaldien inguruko araudia zirkular batean argitaratzeko konpromisoa hartu zuen Ministerioak.