Ekonomia -

Prezioak

Bilboko hotelariek diote errugbi partiden asteburuko prezioetan ez zela abusurik egon

Lehiaren Agintaritzak ikerketa zabaldu du Bilbok errugbiko europar txapelketen finalak hartu zituen asteburuko prezioak aztertzeko. Hotelarien hitzetan, 150 eta 250 euro artekoak izan ziren logelako.

Jendea pilo bat batu zen Bilbon asteburuan, errugbi finalak zirela eta. Argazkia: Asier Sanchez.
Jendea pilo bat batu zen Bilbon asteburuan, errugbi finalak zirela eta. Argazkia: Asier Sanchez.
Bilboko hotelariek diote prezioetan ez zela abusurik egon errugbi finaletan

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko hotelariak “oso haserre” daude jaso dituzten kritikengatik, eta ezeztatu egin dute joan den asteburuan Bilbon jokatu ziren errugbiko europar txapelketen finalen kariaz hotelen prezioetan abusuak egon izana. Gaur plazaratu dituzten datuen arabera, 150 eta 225 euro artekoak izan ziren logelen prezioak.

Angel Gago Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen presidenteak eta Alvaro Diaz Destino Bilbao hiriko hotelak batzen dituen elkarteko presidenteak prentsaurrekoa egin dute gaur, kritiken aurrean eta Lehiaren Euskal Agintaritzak prezioak aztertze aldera ikerketa zabaltzeko hartu duen erabakiaren aurrean azalpenak emateko.

Hotelariak “triste” eta “oso haserre” daude kritikengatik, ahaldun nagusiak eta Bilboko alkateak egindakoengatik ere, eta, aitzitik, jaso behar zutena “esker ona da, logelen ehuneko handi bat antolatzaileen esku utzi ditugulako, prezio murriztuan, eta batzuk doan laga dizkiegu interes berezia zuten pertsonei, merkatu askean eskaini ahal genituenean”, esan dute.

Gagoren ustez, baliteke enpresabururen batek batez besteko prezioa bikoizten edo hirukoizten dituzten prezioak jarri izana logela batzuei, baina “ez dira kasu aipagarriak, zenbatekoari dagokionez, eta antolatzaileei eskainitako prezio merkeak orekatzeko balio izan dute”.

Errugbi partidak izan diren egunetan nola funtzionatu duten azaltzeko, adibide bat jarri du: “250 logelako hotel bat badut, 150 antolatzaileentzat izan dira (bidaia agentziak barne), prezio murriztuan. Gainerakoak, batez beste, 150 eta 225 euro arteko prezioan atera dira. Hotela beterik zela azken lauzpabost logelak 500 euroan saldu ahal izan direla? Eta? Non dago arazoa?”, galdetu du.

Hotelariek eskertu dute erakundeek hirira ekitaldi garrantzitsuak ekartzen eginiko ahalegina, baina, era berean, “ez gaitu ase erakundeek, gure lankidetza eskaintza guztien aurrean, erakutsi duten eskertzak”.

Ez dute ulertzen, halaber, Lehiaren Euskal Agintaritzak ikerketa zabaldu izana: “Ezer leporatu behar badu, egin dezala, horren objektu izan behar den enpresa jakinaren aurka zuzenean, baina ez dakigu nola egiazta dezakeen, merkatu libre batean”, gehitu du.

Azkenik hotelariek gonbita egin diote Agintaritzari Interneteko atarietan Donostian Zinemaldia den egunetarako hoteletan eskatzen ari direna aztertzeko, nahiz eta Gagok azpimarratu duen ez duela beste lurraldeekin borrokan ibili nahi. “Hirian jarduerak egitea eta bakea egotea nahi dugu denok”, esan du amaitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaiko albisteak Turismoa Euskadi Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Kontsumitzaileen eskubideak Turismo-baserriak gaur