Ekonomia -

Hitzarmenaren negoziazio

Bertan behera gelditu da Gipuzkoako hotelen greba

Sindikatuek aurre akordioa adostu dute Adegi patronalarekin azpikontratatzeak arautzeko eta 2019an soldatak KPI gehi % 2,5 igotzeko.

Hotel bateko logela. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Hotel bateko logela.
Hotel bateko logela. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek bertan behera utzi dute Gipuzkoako ostatu sektorean aurreikusitako greba Adegi patronalarekin aurre akordioa lortu ostean. Greba maiatzaren 23, 24 eta 25erako deituta zegoen.

Aurre akordioa adostu dute azpikontratatzeak arautzeko eta 2019an soldatak KPI gehi % 2,5 igotzeko, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek ostiral honetan  azaldu dutenez.

Maddi Azpiazu ELAko ordezkariak Donostian egin den prentsaurrekoan esan duenez, sindikatuok greba bertan behera uztea erabaki dute. Greba deialdiak bat egingo zuen Donostian egingo den nazioarteko turismo kongresuarekin.

Aspiazuren hitzetan, hoteletan ematen diren azpikontratatzeen arauketa "aitzindaria" da Espainian, hitzarmenaren edukiak azpikontratatu diren langileei ere eragingo baitie.

Aipaturiko lau sindikatuen eskari nagusiak hauek ziren: soldata KPI gehi % 1,5 igotzea 2017, 2018 eta 2019an edota hoteletako zerbitzuen azpikontratazioarekin amaitzea edo, gutxienez, hitzarmenaren baitan arautzea, azpikontratazioek langileen lan baldintzak ezegonkortzen baitituzte eta, batez ere, zerbitzariei eragiten die.

Gipuzkoan irekiko diren hotel berrien harira, sektoreko prekarietatea handitzea espero dute sindikatuek. Gaur egun, 1.600 bat pertsonak egiten dute lan sektorean. Gainera, azpikontratatutako langileen eta gainerakoen arteko soldata tartea bikoitza izan daiteke, azpikontratatutako enpresa askok gutxieneko soldata aplikatzen dielako langileei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Turismoa Euskadi Grebak Adegi Ekonomia Albisteak Turismo-ostatuak Euskadi