Ekonomia -

Lan-istripua

Langile bat hil da eta beste bi zauritu AHTren lanetan, Eskoriatzan

14:00ak aldera, leherketa bat izan da Abiadura Handiko Trenaren lanetan, Eskoriatza inguruan, eta hori langile zauritu egin dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

55 urteko langile bat hil eta beste bi zauritu dira Eskoriatzan, AHTren lanetan izandako leherketan, Ertzaintzak jakitera emandakoaren arabera.

Leherketa 14:20ak aldera gertatu da oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik. Ondorioz, langile bat hil da; hilotza gertakizuna izandako lekuan dago oraindik.

Zaurituak aipatutako obretan lanean zebilen langilea eta eremua zaintzeaz arduratzen zen zinpeko jagolea izan dira.

Langilea hedatze-uhinak jota zauritu da eta Vitoria-Gasteizeko Txagorritxu Ospitalera eraman dute. Zinpeko jagolea, berriz, ez dago hain larri eta Arrasateko Ospitalera eraman dute.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, lanetarako erabiltzen duten lehergaia zartatu zaie langileei. Eztandak bete-betean harrapatu du langileetako bat, eta berehala hil da.

Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, ADIFek kudeatzen dituen lanen eremuan izan da ezbeharra. Bai hildakoa eta baita zauritua ere jatorriz ukraniarrak dira.

AHT Gelditu! Abiadura Handiko Trenaren aurkako taldeak langilearen heriotza salatu eta "makroazpiegitura hauetan lanean ari diren pertsonek jasaten dituzten baldintzez" ohartarazi du.

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek erantzukizunak eskatuko dituzte eta horretarako elkarretaratzea egingo dute datorren astelehenean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Donostian.

Ikerketa

Legutiano UTE enpresak, Eskoriatzako lanen arduradunak, ikerketa bat martxan jarri du istripuaren arrazoiak argitzeko.

Komunikatu baten bidez, Legutiano UTEk langilearen heriotza deitoratu eta hildakoaren senideei elkartasuna adierazi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea