Ekonomia -

Goi-bilera Donostian

Turismoak hazten jarraituko duela iragarri du sektore horretako mundu erakundeak

50 bat herrialdetako ordezkariak bildu dira Donostiako Kursaal Jauregian turismo sektoreak munduan bizi duen egoera aztertzeko antolatu duten goi-bileran.

Turismoaren Mundu Erakundearen bilera Donostian. Argazkia: EFE
Turismoaren Mundu Erakundearen bilera Donostian. Argazkia: EFE
Turismoaren Munduko Erakundea buru belarri lanean Donostian

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turismoaren Mundu Erakundeko Batzorde Exekutiboak "aro berri" bati eman dio hasiera gaur Donostian eta sektore horrek hazten jarraituko duela iragarri dute.

50 bat herrialdetako ordezkariak, 250 lagun inguru, tartean 18 ministro eta 17 enbaxadore, bildu dira Turismoaren Mundu Erakundeak Donostiako Kursaal Jauregian antolatu duen nazioarteko goi-bileran.

Harrera ekitaldia atzo arratsaldean egin zuten eta gaur goizean lehendabiziko bilera egin dute. Zurab Pololikashvili Turismoaren Mundu Erakundeko idazkari nagusia, Gustavo Santos Batzorde Exekutiboko presidentea, Alvaro Nadal Espainiako Energia, Turismoa eta Agenda Digital ministroa eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan dira batzarrean.

Pololikashviliren esanetan, erakundeak esku artean dituen datuen arabera, turismo sektoreak aukera onak izango ditu eta munduko ekonomiaren hazkundearen % 3-4 suposatuko du.

Turismoak hazkuntza aurreikuspenak hautsi zituen iaz, eta 1.322 milioi bidaiari izan ziren munduan barrena, % 7 gehiago, 2016ko datuekin alderatuz gero. Azken zazpi urteetako daturik onena izan zen iazkoa.

Turismoak hazten jarraituko duela esan dute, baina erritmo jasangarriago batean (% 4ko hazkundea espero dute). Ildo horretan, Pololikashvilik azpimarratu du kalitatezko turismoa bultzatu behar dela, eta ez zaiola soilik kantitateari erreparatu behar. Horretarako "formazioa eta berrikuntza" ezinbestekoa direla erantsi du.

Turismoaren Mundu Erakundearen egoitza iraunkorra Espainian dago. Hori dela eta, Espainiak eserleku finkoa dauka Batzorde Exekutiboan, eta batzorde horrek  erabakitzen du bi urtean behin deitzen duten goi-bilera zein herrialdetan egin. Azkenekoak Txinan, Kroazian eta Egipton egin dituzte.

Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin die nazioarteko ordezkariei. Urkulluk esan du "Euskadirentzat une garrantzitsua" dela, "hamarkadatan terrorismoa sufritu ostean", ETAren behin betiko amaierak "aro berri bati hasiera eman diolako".

Turismoari buruzko nazioarteko goi-bilera bihar amaituko da Donostian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Donostia Turismoa Euskadi Ekonomia Albisteak