Ekonomia -

Manifestazioa

ELA eta LAB: 'Euskal erakundeek langileak alde batera utzi dituzte'

Ekitaldi bat egin dute sindikatu abertzaleetako ordezkariek Gasteizen, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak salatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuek "argi uzten dute" erakunde hauek "botere ekonomikoaren menpe" daudela, ELA eta LAB sindikatuen arabera. Sindikatuek adierazi dutenez, Gobernu biek "langileak eta txiroak alde batera utzi dituzte". Horregatik, CCOO eta UGT sindikatuei Elkarrizketa Mahaia uzteko eskatu diete ELAk eta LABek.

Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB) Gasteizko Ogeta Pilotalekuan izan dira, aurrekontuen inguruko ekitaldi batean. Ondoren, Legebiltzarrean bukatu den manifestazioa egin dute sindikatu abertzaleetako kideek. STEE-EILAS , Hiru eta EHNEko ordezkariak ere izan dira elkarretaratzean.

Lan erreformaren ondorioz etorri diren "murrizketa sozialek" krisi ekonomikoaren "jatorriarekin zerikusirik ez daukatela" azpimarratu du Muñozek.

Politikoek langileak "bakarrik" utzi dituztela uste du ELAko buruak, "eskubide sozialei, lan baldintzei eta soldatei lapurreta egiten hasteko".

Langileen eskubideak baino, "banka pribatuaren handinahikeria asetzea" da politikoen eta erakundeetako ordezkarien jomuga, Muñozen ustez. Herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egin die, kapitalismoaren "entseguetarako" erabiltzen dituztelako.

Bestalde, Etxaidek esan du 2011ko Aurrekontuak "antisozialak" direla, "lanpostuak suntsituko dituztela" eta bazterketa soziala areagotuko dutela.

LABeko idazkari orokorrak azpimarratu duenez, EAEko hiritarren % 1,6ek aberastasunaren % 44a dute. "Datorren urtera begira diseinatutako Aurrekontuek egoera hori areagotuko dute, aberastasuna ez dutelako banatzen".

Horregatik, erakundeek aurkeztutako egitasmoek "bide horri eusten badiote", mobilizazioekin jarraituko dutela berretsi du. Bere ustez, 2011ko aurrekontuak "gizarteari eta langilegoari egindako iruzurra dira".

Bestalde, Gasteizen, UGTk eta CCOOek elkarretaratzea egin dute patronalaren egoitza aurrean. Protestan zehar, Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari orokorrak mobilizaziorako deia egin die herritarrei.

Elkarrizketa Mahaia uzteko eskaerei ere erantzun die Casadok. Bere ustez, Jaurlaritzak ez ditu langileen eskubideak murriztu eta, beraz, mahaia ez dutela utziko azpimarratu du. Horrez gain, elkarrizketa guneetan parte hartzen ez dutenei kritika luzatu die Casadok: "Demokrazian eta langilegoaren defentsan gutxi sinisten dute", esan die.

Bilbon, berriz, sindikatu bietako ordezkariek elkarretaratzea egin dute BBVAren egoitzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea