Ekonomia -
Administrazio Publikoa
Administrazio Publikoko langileentzat erretiro partzialak proposatu ditu Jaurlaritzak
2019 eta 2020 urteetan jubilatuko diren eta 33 urtetik gora kotizatuta dituzten langileengan izango luke eragina neurri berriak. Lanaldia % 50ean murriztea eskatzeko aukera izango lukete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Administrazio Publikoko langile finkoek erretiro partzialak hartzeko aukera izan dezatela eta lanpostu horiek errelebu-kontratuaren bidez ordezkatu daitezela proposatu du Eusko Jaurlaritzak. Neurri honek 2019 eta 2020 urteetan jubilatuko diren eta 33 urtetik gora kotizatuta duten beharginengan izango luke eragina, 716 langilerengan, hain zuzen ere.
Administrazio Publikoko Mahai Orokorra bildu da gaur goizean Gasteizen, eta han azaldu dizkie Jaurlaritzak bere proposamenaren xehetasunak.
Aipatu baldintzak betetzen dituzten langileak 58 dira Administrazio Orokorrean eta erakunde autonomoetan; 134 Hezkuntza; 6 Justizian; 43 Segurtasunean; eta 474 Osakidetzan.
Beraz, langile horiek guztiek bi aukera izango lituzkete: erretiroa hartu artean % 50eko lanaldi murrizketa eskatzea edo bi urte horietan lanaldi osoan aritzea.
Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak esan du lanpostu horiek guztiak errelebu-kontratuen bidez ordezkatuko direla eta lau urtekoak izango liratekeela, lanaldi erdiko kontratuen kasuan, eta bi urtekoak, lanaldi osoko kontratazioetan.
Neurri honek enplegua sortzen eta lantaldeak berritzen lagunduko duela ziur agertu da Zearreta.