Ekonomia -
Frantzia
Air Francek greba deitu du ekainaren 23tik 26ra
Sindikatuek azaldu dutenez, zuzendaritzaren proposamenen aurkako gehiengo bozka entzuteko beharra dela eta deitu dituzte mobilizazioak.
Agentziak | Erredakzioa
Air France hegazkin-konpainiak greba deitu du ekainaren 23tik 26ra, soldata arloko aldarrikapenak egiteko. Joan den otsailean hamabost eguneko lanuzteak antolatu zituzten, eta horien ondorioz, Jean-Marc Janaillac taldeko presidenteak dimisioa eman zuen.
Sindikatuek azaldu dutenez, zuzendaritzaren proposamenen aurkako gehiengo bozka entzuteko beharra dela eta deitu dituzte mobilizazioak. Internet bidez hedatutako agiri baten arabera, langileek orduz gero "ardura" eta "pazientzia" erakutsi dute.
Protestak amaitzeko asmoz pasa den maiatzaren 7an enpresak antolatutako barne bozketari buruz hitz egin dute testuan. Zuzendaritzak, ordea, ez zuen aurreikusitako emaitza lortu. Beraz, Janaillacek dimisioa eman zuen.
Orduz gero, Air France-KLM taldeak Anne-Marie Couderc izendatu du behin-behineko presidente kargurako. Zuzendaritzak, bere aldetik, greba deialdi hori salatu du ohar batean, "interes kolektiboarekin eta konpainiaren etorkizunarekin bat ez datorrelako".
Horrez gain, gatazka hasi zenetik gaur egunera arte, Air Franceko zuzendaritzak langileen ordezkariekin hitz egiten jarraitu duela azpimarratu du, krisia amaitzeko konpromisoa lortzeko.
Air Franceko langileek otsailaren 22an egin zuten lehen greba, zazpi urtez soldatak bere horretan izan ostean, 2017ko etekinen zati bat jaso behar zutela aldarrikatzeko.
Sidikatuek soldatak % 6 igotzea eskatu dute, azken urteotan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko.
Zuzendaritzaren arabera, grebak 400 milioi euroko galerak eragin dizkio taldeari.