Ekonomia -

Pentsioen erreforma

Toledoko Ituneko testuak ez du erretreta adin legala aipatuko

Horrela, erretiroa hartzeko adin legalaren inguruan akordiorik ez dagoela onartuko du Toledoko Itunak idatziz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erretiroa hartzeko adin legalaren inguruan, Batzordean akordiorik ez dagoela azpimarratzeko aipamen zehatza barneratuko du Toledoko Itunak, Carles Campuzano CiUko bozeramaileak azaldu duenez. Horrela, talde parlamentarioen babesa lortu nahi dute.

Osteguneko bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, erretreta "malgutzeko" adostasuna badagoela adierazi du Campuzanok. PPren babesa lortzeko "amaierako ohar" hori gaineratu dutela azaldu du. Horrela, PSOEri "trabarik egin gabe" PPk bat egingo duela iragarri du.

Gobernuak urtarrilaren 28an onartuko duen pentsioen erreformak Kongresuko gehiengoa erretiroa hartzeko adina 67 urtetara atzeratzearen aurka dagoela kontuan izango duela uste du CiUko diputatuak.

Testuak ez du adin legalean toperik ezarriko, baina lan-bizitza 65 urtetik gora luzatzea saritzeko beharra aipatzen du.

Toledoko Itunaren txostena urteko azken astean behin betiko ixtea espero dute diputatuek, Campuzanok erantsi duenez, ezohiko osoko bilkura batekin, seguruenik abenduaren 27an.

Erretiro-adina 67 urtera luzatzea

Dena den, Valeriano Gomez Lan eta Immigrazio ministroaren hitzetan, erretiro-adina 67 urtera luzatzea "planteamendu zuzena" dela uste du, Toledoko Itunak horren harira akordiorik lortu ez duen arren.

Ildo horretan, urtarrilaren 28an erreforma aurkeztu baino lehen, ahalik eta adostasun handiena izateko giza eragileekin eta taldeekin negoziatuko dutela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea