Ekonomia -
Jai egunetan ireki nahi ez
Bizkaiko dendek greba egingo dute gaur
Sindikatuen jarrera "zentzugabea" dela esan du Bizkaiko patronalak. Sindikatuen aurreikuspenek abenduaren 23 eta 24 eta urtarrilaren 7rako deitutako grebak jarraipen "handia" izango duela diote.
Erredakzioa
ELA Zerbitzuakek aurreratu duenez, ELA, LAB, CCOO eta UGTk merkataritza sektorean abenduaren 23 eta 24rako eta urtarrilaren 7rako deitutako grebak "jarraipen zabala" izango du. Greba igandean era jai egunetan irekitzearen kontra egingo dute.
Komunikatu batean jakinarazitakoaren arabera, Bershka, Massimo Dutti, H&' || 'amp;M, Pull&' || 'amp;Bear, Springfield, Women Secret; Zara eta Zara Home, Oysho, Sabeco, Lidl eta Marionnaud dendetako langileek greba egitea erabaki dute.
Bizkaiko Merkataritzako Enpresaburuen Konfederazioak (Cecobi) sindikatuek lan-hitzarmenaren eguneratzea eskatzeko hartutako jarrera "zentzugabea" dela adierazi du.
Patronalaren iritziz, sindikatuek ez dute kontuan izan Gabonetako kanpaina "enpresa askoren biziraupenerako ezinbestekoa dela", ezta enpresariek "lanpostuak mantentzeko egiten duten ahalegin handia". Lanpostu horiek, enpresarien esanetan, Estatuko "soldata altuenetakoak" dauzkate eta lan-jardunaldi laburrenetakoa.
Cecobik greba egiteko aukeratutako egunak ere kritikatu ditu, "kontsumitzaileari kalte gehien egiten dionean". Ondorioz, "egin nahi duten kaltea zentzutasunaren eta erantzukizunaren muga guztiak gainditzen ditu".
Hala ere, patronalak "negoziatzeko prest" dagoela azpimarratu du.