Ekonomia -
Negoziazio kolektiboa
Espainiako patronalak eta sindikatuek %3ra arteko soldata igoera adostu dute
Era berean, 2020rako lan-hitzarmenen menpeko gutxieneko soldata 14.000 eurokoa izatea proposatu dute.
agentziak | erredakzioa
Espainiako patronalak eta sindikatuek 2018-2020rako Enplegu eta Negoziazio Kolektiborako Akordioa itxi dute. % 2ko soldata igoera eta beste % 1eko igoera aldagarria gehitzea aholkatu dute, eta 2020rako lan-hitzarmen menpeko gutxieneko soldata 14.000 eurokoa izatea.
CEOE eta Cepyme patronalen presidenteak, Juan Rosell eta Antonio Garamendi, eta UGT eta CCOO sindikatuen idazkari nagusiak, Pepe Alvarez eta Unai Sordo, bildu dira gaur aurreakordioa ixteko. Aurreakordio horrek, hala ere, sindikatuetako kideen oniritzia behar du.
Adostutako proposamenak lan-hitzarmen bakoitzaren negoziazio mahaira eramango dituzte, eta hor ezarriko dira soldata igoerak eta igoera aldagarria zeren araberakoa izango den (adierazle neurgarriak).
14.000 euroko gutxieneko soldatari dagokionez, igoera progresiboa izatea eta lan-hitzarmenetan txertatzea proposatzen dute.
Bestalde, lan-hitzarmenen ultraaktibitatea berreskuratzearen alde agertu dira, 2012ko lan erreformatik urtebetera mugatuta baitago.
Espainiako Gobernuari neurriak eskatu dizkiote arazo ekonomikoak dituzten enpresetan lanpostuei eusteko. Besteak beste, lan orduak murriztea, baina soldata galdu gabe, enpresari "lan kostuak gutxitzeko" aukerak emanez.
Erretiroaren kasuan, errelebo kontratua berreskuratzea eskatu dute, eta legea aldatzea erretiro adinera iritsi eta pentsioa osorik eskuratzeko eskubidea dutenen kontratuak eteteko.
Lan arloan emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko neurrien aldeko apustua ere egin dute. Hala, aitatasun eta amatasun baimenak berdintzea nahi dute.