Ekonomia -

Datorren urtean

Nafarroak errenta altuenei zerga zorrotzagoak jartzea onartu du

Nafarroako Parlamentuak errenta altuenei presio fiskala areagotzen duen neurri fiskalen legea onartu du gaur. Nafarroa Bai alderdia izan da ezezkoa bozkatu duen alderdi bakarra.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroa Bai alderdiaren ezik, beste talde guztien aldeko botoa izan du 2011ko Aurrekontu Orokorren baitan dagoen neurri fiskalen legea onartzeko. Azken momentuan, NaBaik, PSNk eta IUNk proposatuta, errenta altuenei presio fiskala areagotzea gehitu diote legeari.

Hiru taldeek, elkarrekin, 88.000 eurotik aurrerako errentei puntu bat eta 125.000 euro baino gehiagokoei bi puntu tasa igotzeko zuzenketa bat aurkeztu dute. UPNren kontrako botoa jaso du zuzenketa horrek.

Bilkuraren hasieran,Miguel Sanz Nafarroako presidenteak oposizioaren zuzenketari aurre egiteko hitza eskatu du eta Ganberaren Araudiaren arabera Exekutiboak lege proiektua baztertzeko aukera duen arren, hori egiteko asmorik ez zutela adierazi du.

Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak neurri fiskalen lege berri "on" bat dela esan du, baina adostutako zuzenketaren kontra zegoela jakinarazi du. Roberto Jimenez PSNko alderdikideak, bestalde, proiektuak "gauza positiboak" dituela azaldu du, baina "presio fiskala errenta altuenei, eta ez guztiei, areagotzea" defendatu du. CDN taldeko Jose Andres Burguetek, berriz, legeak Foru Aldundiarentzat "garrantzi handikoak" diren kontu interesgarriak biltzen dituela esan du eta emaitza gustuko dutela gaineratu du. IUN taldeko Ion Errok esan duenaren arabera, "hiru urtetan aurrekontuen inguruan eztabaidan aritu ostean, aurten testuinguru politiko berri bat sortu da eta esfortzuak pena merezi izan du".

Legearen kontrako txandan, Patxi Zabaleta Nafarroa Bai alderdiko ordezkariak adierazi duenez, "aurrekontuetako politika eta politika fiskal berria berriak beharrezkoak dira". "Neurri fiskal horien aurka bozkatu behar dugu behar bezalakoak ez direlako", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea