Ekonomia -

Administrazioa

Eusko Jaurlaritza ez dago funtzionarioen soldata % 1,75 igotzearen aurka

Baina horretarako aurrekontu legea aldatzea beharrezkoa litzatekeela gogorarazi du EAEko Exekutiboak; ondorioz, Eusko Legebiltzarraren oniritzia beharrezkoa da.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza ez dago funtzionarioen soldata % 1,75 igotzearen kontra. Hasiera batean % 1,5eko igoera izan behar zuten EAEko funtzionarioek. Baina horretarako aurrekontu legea aldatzea beharrezkoa litzatekeela gogorarazi du Jaurlaritzak; ondorioz, Eusko Legebiltzarraren oniritzia beharrezkoa da.

Aurten soldatak % 2,3 igotzea aurreikusi dute EAEko kontuek: % 1,5eko igoera zuzena lansarian, eta % 0,8ko zeharkako portzentajea, Itzarri pentsio-planari ekarpena egiteko, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseilua bildu ondoren azaldu duenez.

Iragan astean onartutako Estatuko Aurrekontu Orokorrek lansarien % 1,75eko igoera ezarri zuten, eta portzentajea % 2,25era igotzeko aukera ematen diete erkidegoei, zeharkako zenbait osagarriren bidez.

% 2,3ko soldata igoera onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, Estatuarena (% 2,25) baino apur bat handiagoa, baina oraindik ez du aplikatu. Ondorioz, EAEko funtzionarioek hilero % 1,75 gehiago kobratuko ote duten erabaki baino lehen, Espainiako Gobernuarekin akordio batera heltzea beharrezkoa da.

Erkoreka: "Bi aldeen borondatea gaia desblokeatzea da"

Erkidegoko aurrekontuak Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoa iragarri zuen PPren Gobernuak martxoan, soldata igoera handiegia jasotzen zutela argudiatuta.

Azkenean helegite hori aurrera ez eramateko, bi administrazioak aldebiko batzordean bilduko dira, EAEko zenbatekoak Estatukoekin “bateragarriak” diren aztertzeko.

Batzordea hilabete honetan biltzea espero du Erkorekak. Jaurlaritzako bozeramailearen ahotan, “bi aldeen borondatea gaia desblokeatzea da”, Euskadiko kontuak auzitara eramatea “zentzurik ez duelako”.

Hala eta guztiz ere, Jaurlaritza ez dago soldata igoera % 1,75era hurbiltzeko aukera horren aurka, nahiz eta Itzarriko ekarpena murriztea eta Eusko Legebiltzarrak aurrekontuak aldatu beharra suposatu.

Soldata igoera aplikatzeko epeak luzatuko lituzke horrek, baina urtarrilak 1etik atzeraeraginezko neurria izango litzateke, Erkorekak ziurtatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Funtzionarioak Ekonomia Albisteak Gutxieneko soldata