Ekonomia -
Argiak eta gasak gora
Urtarriletik aurrera argindarra 2,3 euro garestituko da
Argindarrak gora egin du berriro; % 9,8 igoko da eta urte berriarekin batera sartuko da indarrean Gobernuaren erabakia. Gasak, halaber, % 3,9 gora egin du.
Erredakzioa
Urtarriletik aurrera argiaren azken errekurtsoko tarifa % 9,8 igoko du Espainiako Gobernuak, eta erabiltzaile bakoitzak hilero 3,2 euro gehiago (urtero 38,4 euro gehiago) ordainduko ditu batez beste, Pedro Marin Energiako EStatu idazkariak jakinarazi duenez.
Industriako Ministerioko arduradunaren hitzetan, 17 milioi kontsumitzaileri eragingo die neurriak.
Izan ere, azken errekurtsoko tarifa duten 27 milioi lagunetik, zazpik nahiago izan dute merkatu librean argia kontratatzea eta beste hiruk bono soziala kontratatu dute. Bono soziala dute kontsumitzaileek gainera ez dute igoerarik izango 2013ra arte, Gobernuak iragan ostegunean onartu zuen Errege Dekretuan agertzen denez.
Marinek Ekonomi Arazoetarako batzorde delegatuaren bileraren ostean ezagutzera eman ditu datuok.
Gasak gora egingo du
Bestalde, gasak % 3,9 gora egingo du urtarrilaren 1etik aurrera, Marinek jakinarazi duenez.
T.1 tarifak (gas berokuntza ez dutenak) % 4,14 gora egingo du, eta erabiltzaile bakoitzak hilero 0,56 euro gehiago ordainduko ditu batez beste. T.2 tarifak (berokuntza dutenak) % 3,87 gora egingo du, eta erabiltzaile bakoitzak hilero 1,66 euro gehiago ordainduko ditu batez beste. Tarifa horiek 7 milioi lagunek kontratatu dituzte.