Ekonomia -
Ministroen Bilera
Gutxieneko soldata eta pentsioak % 1,3 igoko dira 2011an
Zapatero presidentearen ustez, igoera honek "argi" uzten du Espainiako Gobernuak egindako "ahalegina".
Erredakzioa
Gutxieneko soldata % 1,3 igoko da Estatuan datorren urtean, Ministroen Bilerak hartutako erabakiaren arabera. Gauzak horrela, gutxieneko soldata egungo 633,3 euroetatik hileroko 641,5 euroetara igaroko da. Bestalde, pentsioak ere % 1,3 igoko direla iragarri du Zapatero presidenteak. Pentsio baxuenak % 2,3 haziko dira datorren urtean.
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak iragarri du erabakia. Bere ustez, igoera honek Espainiako Gobernuak gutxien daukatenei laguntza emateko egindako "esfortzua" erakusten du.
Pentsioei buruz, pentsioen sistemaren erreforma defendatu du berriro Zapaterok, Europar Batasunako beste herrialdeei egokitzeko helburuarekin. Hamar urte barru eman litekeen erreforma "gogorra" saihestu nahi du presidenteak.
Zapaterok azaldu duenez, 2004tik hona gutxieneko soldata % 17 igo da. Aurretik, Aznarren Gobernuetan 5 puntu galdu zituen gutxieneko soldatak.
PSOEren eta PPren Gobernuek beharrizan gehien duten hiritarrei begira egindako politiken arteko ezberdintasunak goraipatu ditu Zapaterok.