Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Osakidetzako lan eskaintza: Sindikatuak, azterketak errepikatzea 'nahikoa' ez

Ekonomia

Osakidetzaren lan-eskaintza

Hiru kategoriatan azterketak errepikatzea 'nahikoa' ez dela uste dute sindikatuek

Agentziak | Erredakzioa

2018/07/12

Probak aztertu dituen Oviedoko Unibertsitatearen txostena eskatu du Sindikatu Medikoak. UGTren hitzetan, Osakidetzak “zorroztasuna ez bermatzea lotsagarria da”.

1:25
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzako oposizioen hiru kategoriatako azterketak bakarrik errepikatzea “nahikoa” ez dela uste du LABek, Fiskaltzaren aurrean 12 kategoria salatu dituztelako, eta “laster” 19 izango direlako, sindikatu abertzaleak iragarri duenez.

Osakidetzako zuzendaritzaren argudioak hizpide izan ditu LABek agiri batean. Probetan, “filtrazioak” ez, “gabeziak” antzeman dituztela dio zuzendaritzak. Sindikatu abertzalearen ahotan, “adarjotze eta inteligentziari irain bat da”.

Era berean, Osakidetzaren erabakia “nahikoa” ez dela uste du ESK sindikatuak. Are gehiago, ESKren hitzetan, erabakia “euren burua zuritzeko” saiakera bat da. Langileak aukeratzeko “eredua aldatzea” beharrezkoa dela azpimarratu du sindikatuak.

Patxi Nicolau ESKko ordezkariak kritikatu duenez, Osakidetzak “barne ikerketa batean oinarrituz filtrazioak ukatzea surrealista da”. “Sistemaren parte den eta ondorioak sufrituko duen jendea deitu dute deklaratzera”, gaineratu du.

Bestalde, Osakidetzaren oposizioak aztertu dituen Oviedoko Unibertsitatearen txostena eskatu du Sindikatu Medikoak (SME). Txostena jasotzen ez duten bitartean, zuzendaritzak hartutako erabakiaren inguruko iritzia ematerik ez dutela adierazi du.

“SME lan-eskaintza publikoaren jarraipen batzordeko kidea da eta txosten horiek behin eta berriro eskatu ditu”, azaldu du agiri batean. “Aukeratzeko prozesu batzuetan garbitasun faltaren susmoak baieztatu izana deitoratu” du SMEk.

Osakidetzak probetan “zorroztasuna eta berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatu ez izana” eta hiru kategoriatan (Kardiologia, Anestesia, Angiologia eta Hodietako Kirurgia) “gabeziak” antzeman ondoren azterketak errepikatu behar izatea “lotsagarria” dela uste du UGT sindikatuak.

UGTk ohar batean nabarmendu duenez, “gabezia” horiek “filtrazioak” izatea ezin daiteke baztertu; izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak ez die lan-eskaintza publikoaren inguruko ikerketaren emaitzen berri eman.

Marta Macho anestesista: "Hanka-sartzea zuzenketan dago? Benetan?"

Azkenik, Marta Macho anestesistak, irregulartasunak publikoki salatu zituen medikuetako batek, ostegun honetan ziurtatu duenez, filtrazioen ukapenak ez du konbentzitzen, “ezta gutxiago ere”. “Hanka-sartzea zuzenketan dago? Benetan?”, galdetu du.

“Lan eskaintza publiko baten iruzurraz hitz egiten ari gara eta errudunik ez izatea ez da posible. Hanka-sartzea zuzenketan dago? Benetan?”, galdetu du Machok. “Filtrazioen zantzuak” daudela ziurtatu du anestesistak.

“Azterketen filtrazioa ageriko sekretu bat da ospitaleetan” eta “lanean hasten zarenetik kontatzen dizuete”, azpimarratu du. “Jende askok ez du salatzen, barneraturik dagoen zerbait delako”, erantsi du.

Iruzkinak

Publizitatea
  • Publizitatea
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
    Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
          Kargatzen ikusiena