Ekonomia -

Iruzurra

Forum Filatelico auzian 12 urte arteko zigorrak ezarri ditu Auzitegi Nazionalak

Gai penaletarako aretoak 27 akusatuetatik 20 zigortu ditu. Gainera, ia 50 milioi euroko isuna ezarri du.

Forum Filatelico konpainiaren iruzurreko kaltedunen protesta. Artxiboko irudia: EiTB
Forum Filatelico konpainiaren iruzurreko kaltedunen protesta. Artxiboko irudia: EiTB
Forum Filatelico konpainiaren iruzurreko kaltedunen protesta. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esku-hartze judiziala gertatu zenetik 12 urte bete direnean, Auzitegi Nazionalak Francisco Briones Forum Filatelico konpainiaren presidente ohiari 12 urte eta lau hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio, “iruzur piramidalaren paradigmako” egile nagusia izan zelako.

Gai penaletarako aretoak 27 akusatuetatik 20 zigortu ditu. Gainera, ia 50 milioi euroko isuna ezarri du, eta 190.022 kalteduni 3.700 milioi euro baino gehiagoko kalte-ordaina eman beharko diete.

Juan Ramon Gonzalez (sei urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra konplize izateagatik) Forumeko aholkulari juridikoak bezeroen aurrezki eta inbertsio kontratuak diseinatu eta idatzi zituen. Era berean, negozioaren “errealitate ekonomikoa estali zuen”.

200 orrialdeko sententzian, konpainiak aurreztaile txikien dirua 1998tik 2006ra bitartean erakarri zuela azaldu du Auzitegi Nazionalak: “konpainiako agente aktiboen aholkuak jarraitzen zituzten, erakundearen seriotasunaz konbentziturik (…) markaren inguruan osatutako espekulazio sarean senitartekoak eta lagunak erori arte”.

Produktuen publizitatearen bidez, zigiluen balio handitze “iraunkor eta etengabe” bat saltzen zuten “kopuruak puztuz”; Forumek “merkatu itxi” bat eraiki zuen, “bildumazaletasunetik at”, “balio eskaseko” 121 milioi pieza baino gehiagoko filateliaren aitzakia hartuta.

Horrela, sozietatea inbertitzaileak eutsiz eta beste berri batzuk erakarriz bakarrik zen jarduera mantentzeko kapaz, Manuel Fernandez magistratuaren epaimahaiak erantsi duenez. Dinamikaren “konplexutasuna eta perfekzioa” azpimarratu du auzitegiak.

 

"Ikuskaritza eta kontrol erakunde eta eragile publikoek ez zuten egitura piramidala eta kaudimengabezia antzeman"

 

Modu horretan bakarrik konpainiaren “egitura piramidala eta kaudimengabezia ez zuten ikuskaritza eta kontrol erakunde eta eragile publikoek antzeman”, Espainiako Bankuak edo Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak esaterako.

Briones bere “energia, esfortzua eta abileziaz baliatu zen dirua eta bezeroak erakartzeko”, “aberasteko eta etekina lortzeko” helburuarekin.

Dirua “desbideratzeko”, zerga-paradisuetan sozietate pantailak zituen egitura “klandestino” bat osatu zuen Forumek. Sarea Carlos Llorcak zuzentzen zuen. Llorca ihes eginda dago.

Sendotasun irudi bat sortzeko eta mozkinen itxurak egiteko, administratzaileek urteko kontuak egiten zituzten, baina berriro erosteko betebeharra ezkutatuz. Ereduak “modu eraginkorrean funtzionatu zuen”, eta Jose Carrera eta Rafael Ruiz kontu-ikuskariek ez baitzuten horretaz ohartarazi. Bi urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diete, hurrenez hurren.

Era berean, Antonio Merino Forumeko zuzendari nagusi ohia (bi urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra eta 15,9 milioi isuna iruzur, kaudimenik eza eta zuritzean konplize izateagatik) eta Belen Gomez presidentearen idazkaria (lau urte) errudun jo dituzte magistratuek.

Gainerako akusatuei hiru urte eta erdi eta sei hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkiete. Reinhard Lothari eta Pamela Randalli 63,5 eta 51,1 milioi euroko isunak jarri dizkiete, hurrenez hurren, Llorcak dirua zuritzeko erabilitako sozietateekin duten loturagatik.

Miguel Angel Hijon, Francisco Jose Lopez Gilarte, Agustin Fernandez eta Juan Macia kontseilariak eta beste hiru pertsona, ostera, absolbitu egin dituzte, erabakiak hartzeko orduan euren parte-hartzea demostratzerik ez dagoelako.

Epaiari Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkezteko aukera dagoela gogorarazi du sententziak. Aldeak dagoeneko aztertzen ari dira, baita Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza ere. Brionesen espetxeratzea eskatzeko saio bat eskatu ala ez erabakiko du fiskalak datozen egunetan.

Brionesi 27 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu zuen Adicae elkarteak herri-akusazio gisa. Epaia “porrot izugarria” dela onartu du elkarteak. Zentzu horretan, kaltedunei ordaintzeko, talde parlamentarioek onartutako konponbide politikoak aurrera egiten ez baldin badu, uda ondoren Estatua auzitara eramango dutela iragarri du Adicaek, ondare-erantzukizuna egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Delituak Espainia Epaiketak Ekonomia Albisteak