Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaiko eta Arabako dendek greba egingo dute merkealdiaren hasieran
Patronalaren eta sindikatuen arteko negoziaketetan ez omen da aurrerapausorik eman lan-hitzarmena berritzeko, beraz, negoziatzen jarraituko dute, baina printzipioz grebara joko dute.
Erredakzioa
Bizkaiko eta Arabako dendariek greba egingo dute merkealdiaren lehenengo egunean, lan-hitzarmena berritzeko negoziaketetan aurrerapausorik izan ez delako, sindikatuen arabera.
Bizkaiko merkataritzako langileek eutsi egingo diote urtarrilaren 7rako deituta duten lanuzteari. Izan ere, atzo patronalak egindako eskaintza ez da nahikoa izan greba bertan behera uzteko.
Patronalak dio gaur bi aldeen artean beste bilera bat egingo dutela, baina sindikatuek beste eskaintzarik ez badute mahai gainean, ez dira bilerara joango.
Sindikatuetako ordezkarien eta CECOBI Bizkaiko merkataritzako patronalaren arteko atzoko bilera emaitzarik gabe amaitu zen eta gaurko patronalak deitu duen batzarrera eskaintza interesagarriagoa eramaten ez badu, ez dela bilerarik egongo esan dute sindikatuetako ordezkariek. Pentsatzekoa da, beraz, sindikatuen eta patronalaren arteko telefono deiak gaur eguerdiko 12:30etarako deitutako bilera arte mantenduko direla.
Kontua da joan den asteartean, abenduaren 28an, bi aldeen bilera deituta zegoela eta patronala ez zela agertu, negoziatzeko jarri zituzten ordezkariek agenda eta lana familia bizitzarekin uztartzeko arazoak zituztelakoan.
Jarrera hori lotsagarritzat jo zuten sindikatuek eta konponbidea ez omen dago gertu.
Bizkaiko merkataritzan lanean dauden 15.000 beharginek bi eta hiru urte daramatzate lan-hitzarmenik gabe
Greba Arabako arropa dendetan
Araban ere grebarekin emango diote hasiera arropa dendetako langileek merkealdiaren lehen egunari.
Lan hitzarmenean aurrerapausorik ez eta ostiralerako greba deitu dute arropa dendetan ELA, UGT eta CCOO sindikatuek.
Sektoreko mila inguru langile daude deituta ostiraleko grebara. 2009tik izoztuta dagoen lan-hitzarmenean aurrerapausoak ematea nahi dute. Sindikatuek egiten dituzten eskarien artean, soldata igoerarena dago eta puntu horretan ez daude hain urrun UNIMODA patronala eta sindikatuak. Beraz, negoziatzeko borondatea eskatzen diete enpresariei.
Jarrera hurbilketarik ez badago, Araban ostiralean arropa merkealdirik ez dela hasiko adierazi dute ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Zara edo H-M dendetako langile batzordeek, esaterako, bat egin dute greba deialdiarekin.