Ekonomia -

Lan Eskaintza Publikoa

Administrazioko langile izateko 308 lanpostu eskainiko ditu Bizkaiko Aldundiak

Lanpostu berriak bitarteko langileek betetzen dituzten postuei egonkortasuna emateko zein hutsik dauden plazak betetzeko pentsatuak daudela azaldu du Ibone Bengoetxea foru diputatuak.

LEP Bizkaian. Artxiboko argazkia: EiTB
LEP Bizkaian. Artxiboko argazkia: EiTB
LEP Bizkaian. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazioko langile izateko 308 lanpostu eskainiko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urte amaieran. Enplegu publikorako eskaintza hori hautaketa prozesu bakar baten bidez egingo da, eta deialdia urte honen amaieran egingo den arren, probak 2019an izango dira, Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, azaldu duenez.

Gauzak horrela, Foru Gobernu Kontseiluak 2018rako deitutako Lan Eskaintza Publikoaren bigarren faseari dagozkion 176 lanpostu onartu ditu. Gehienak, 160 lanpostu, administrazioko langile posturako izango dira. Gaur egun, 3.081 lanpostu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Bengoetxeak azaldu duenez, lan eskaintza berriari dagozkion 160 lanpostuak, 2015etik 2017ra bitarteko eskaintzako 148 plazetara batuko dira. Hala, aipaturiko administrazioko langile izateko enplegu publikorako eskaintzak batera egingo dira, hautaketa prozesu bakar baten bidez; bertan, eskaintza horietako lanpostu hutsen guztizko kopurua sartuko da, hau da, 308 lanpostu.

2018ko LEParen bigarren faserako iragarri dituzten postu horien kopurua “bat dator berritze-tasa ezberdinek ezarritako legezko mugei buruz aurreikusitakoarekin”, Bengoetxeak jakinarazi duenez. Hala, lanpostu berriak bitarteko langileek betetzen dituzten plazei egonkortasuna emateko zein zenbait alorretan hutsik dauden plazak betetzeko pentsatuak daudela baieztatu du.

Bengoetxeak nabarmendu duenez, Lan Eskaintza Publikoaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak ”580 lanpostu onartu ditu legegintzaldi honetan”. Halaber, 2019ari dagozkion deialdiekin legegintzaldi honen amaieran 600 postuen eskaintza gaindituko dutela ziurtatu du foru diputatuak.

Bere esanetan, helburuak “egonkortasuna ematea, bitartekotasuna murriztea eta Bizkaiko Foru Aldundietako alor eta zerbitzu ezberdinetako langileak indartzea dira; horrela, zerbitzu publikoaren kudeaketa eraginkorra finkatu dadin”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Lana berriak Ekonomia Albisteak Enplegu Eskaintzak 2024