Ekonomia -
Nafarroa
Bi pertsona hil dira lan-istripua izanda, Corellan
35 eta 54 urteko langileak hiru bat metroko hondakin-ura duen putzu batera erori dira. Hondakin-uren gasengatik oxigeno falta izan ostean itota hil izan litezke.
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona hil dira ostiral honetan, lan-istripua izanda, Corellako araiztailean, Nafarroan. Ezbeharra 14:22an izan da, langileak hiru bat metroko hondakin-ura duen putzu batera erori dira, eta Foruzaingoak ikerketa bat abian jarri du gertatutakoa ikertzeko.
Halaber, Tuterako parkeko suhiltzaile batek erreskatean parte hartzeari utzi behar izan dio, zorabiatu egin delako, baina azkar leheneratu da.
Langile batek 35 urte zituen, eta Ablitasekoa zen; besteak 54 urte zituen eta Murchanten bizi zen. Tuterako parkeko suhiltzaileek erreskatatu dituzte haien gorpuak. Oso zaila izan da, gorpuak ia metro bateko diametroko gune batean harrapatuta geratu direlako. 17:45ean amaitu dute, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Sos Nafarroak Tuterako suhiltzaileez gain, Correllako guardiako mediku taldea bertaratu du. Medikuek langileak hil egin direla berretsi dute 14:43an. Autopsiak zehaztuko du heriotzaren arrazoia, baina hondakin-uren gasengatik oxigeno falta izan ostean itota hil izan litezke.
Sos Nafarroak bi anbulantzia ere bidali ditu, eta horietako bat bertan geratu da, gorpuen erreskatea burutu duten arte, suhiltzaileak artatzeko beharrezkoa izanez gero.
Udaltzaingoak Tuterako polizia-etxeko Herritarren Segurtasuneko patruilak bidali ditu, baita Polizia Judizialeko unitateak ere, eta istripuaren arrazoiak ikertzea bere gain hartu dute. Corellako Udaltzaingoko agenteak ere bertaratu dira. Gorka Gardia herriko alkatea ere izan da, gorpuak legezko medikuntzako Nafarroako institutura eraman dituzten arte, autopsia egiteko.