Ekonomia -
Espioitza industriala
Hiru espioiak Txinarentzat lanean zebiltzala uste du Renaultek
Le Figaro egunkariak dioenez, inplikatuen artean Zuzendaritza Batzordeko kidea eta proiektuen arduraduna, ibilgailu elektrikoen proiektuko zuzendariaren albokoa eta beste zuzendari bat daude.
Erredakzioa
Renault ibilgailuen fabrikatzaile frantziarrak harrapatutako hiru espioiak Txinarentzako lanean ari ziren ala ez ikertzen ari da, gaur Le Figaro egunkariak argitaratutakoaren arabera. Konkretuki, auto elektrikoen proiektuaren inguruko informazioak saltzen zituztela susmatzen dute.
Ezkutuan emandako informazioa Renaultek 2012an kaleratzeko asmoa duen auto elektrikoen bateria eta motorren ingurukoa da.
Le Figaroren informazioak dioenez, espioitzan aritutako hiru exekutiboek erregistratu gabeko patenteak saldu zizkieten inteligentzia ekonomikoan dabiltzan bitartekariei.
Iturri berberen arabera, inplikatuen artean Zuzendaritza Batzordeko kidea eta proiektuen arduraduna, ibilgailu elektrikoen proiektuko zuzendariaren albokoa eta beste zuzendari bat daude.
Renaultek hilabeteak zeramatzan hiru zuzendariak ikertzen, astelehenean etika batzordeko kideak haien bulegoetan sartu ziren arte; txosten informatikoak konfiskatu eta euren eginbeharretatik baztertuta zeudela esan zieten.
"Guerra ekonomikoa"
Le Figaroren arabera, espioitzak Renaultek auto elektrikoaren inguruan dituen proiektuei eragin die gehien bat. Marka frantziarrak 4.000 milioi euroko inbertsioa egin eta 1.700 ingeniari lanean jarri ditu proiektu horretan Nissan kide japoniarrarekin batera.
Patrick Pelata enpresako bigarrenak asteartean adierazi zuenez, Renaulten asmoa auto elektrikoen merkatuan lehen postua izatea zen.
Eric Besson Frantziako Industria ministrok ere, espioitza kasu "larria" konfirmatu eta "gerra ekonomikoaren testuinguruan" kokatu zuen.