Ekonomia -
Hiru hileko kontabilitatea
BPGa % 3,4 hazi da Nafarroan bigarren hiruhilekoan
Foru Gobernuak % 3,3ra igo du 2018rako hazkundearen aurreikuspena. 2006tik ez zirela halako bi hiruhileko jarraian erregistratzen.
agentziak | erredakzioa
Nafarroako ekonomia % 3,4 hazi da bigarren hiruhilekoan, iazko epe berarekin alderatuta. Datu horrek eta beste datu positibo batzuk kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak % 3,3ra igo du 2018rako hazkundearen aurreikuspena.
Nafarroako Hiru Hileko Kontabilitatearen (Nafarroako Estatistika Institutuak egiten du) aurrerapena aurkeztu du gaur, asteartea, Manu Ayerdi presidenteordeak. Lehenengo hiruhilekoarekin alderatuta, % 1ekoa izan da BPGaren tasa, aurrekoan gertatu bezala.
Ayerdiren esanetan, jarduera ekonomikoaren hazkunde "oso nabaria" erregistratu dute, "aurreikuspenak hobetuta". Gainera, azpimarratu duenez, 2006tik ez zirela halako bi hiruhileko jarraian erregistratzen, orduan % 3,9 hazi zen.
Urtetik urterako igoerari dagokionez, oraingoan ere baieztatu dute ekonomia % 3,4 hazi dela, eta lehen hiruhilekoarekin alderatuta % 1ekoa dela tasa.
Industrian, zerbitzuetan edota esportazioetan izandako datu "positiboen" ostean, Ayerdik hiru egoera aurkeztu ditu urte bukaerarako: ezkorra, % 2,9ko hazkundearekin; moderatua % 3,3koarekin, eta baikorra % 3,6ko hazkundearekin.
Presidenteorde nafarrak erantsi duenez, oraindik ez dago argi ekonomiaren eboluzioa zein izango den hemendik urte bukaera arte. AEBko muga zerga mehatxu handia izan liteke, baina berrazterketan ezarritako % 3,3ko hazkunde horren analisian "gertakizun hori jasota dago" (bi hiruhilekoetan).