Ekonomia -
Ostegunean
Europarlamentuko 'krisiaren kontrako batzordeak' Espainia aztertuko du
Bestalde, Espainiaren arrisku-saria edo bertan inbertitzeko merkatuen konfiantza eza oinarrizko 260 puntutik gora mantentzen da.
Erredakzioa
Europako Parlamentuaren finantza, ekonomia eta gizarte krisiari buruzko Batzorde Berezia osatzen duten bederatzi eurodiputatu Madrilera joango dira datorren ostegunean Espainiako ekonomiaren egoera aztertu eta txostena egiteko, gero Europarlamentuak bozka dezan.
Madrilera joan aurretik, eurodiputatuek Portugal bisitatuko dute. Espainian krisiak egin duen kaltea, eta horrek Europar Batasunean eta Estatu kideetan izan duen eragina da batzordearen lana. Era berean, "neurri egokiak" proposatuko dituzte epe luzean "finantza merkatu osasuntsuak eta egonkorrak" izateko.
Gainera, Europar Batasunak ekonomiaren alor guztietan dituen legeak nola ezarri dituzten aztertuko dute.
Arrisku-saria
Espainiaren arrisku-saria edo bertan inbertitzeko merkatuen konfiantza eza (Alemaniaren eta Espainiaren hamar urterako bonoen diferentzialaren arabera neurtzen da) oinarrizko 260 puntutik gora mantentzen da.
Zorraren jaulkipenei erantzuten diete merkatuek, izan ere, Europako zenbait herrialdek bonoak jarriko dituzte enkantean datorren astean eta inbertsoreek ahalik eta errendimendu handiena atera nahi dute.