Ekonomia -
Aurrekontuekin aurkeztuko dute
Sanchezen Gobernua dieselaren gaineko zerga berri bat prestatzen ari da 2019rako
Reyes Marotok azaldu du sektoreko eragile guztiekin hitz egin nahi dutela dieselaren gaineko plana jorratzeko, emisioak murrizteko helburuarekin.
agentziak | erredakzioa
Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak iragarri duenez, Espainiako Gobernua dieselaren gaineko zerga berri baten proiektua egiten ari da, trantsizio ekologikoarekin lotuta, eta 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrekin batera sartuko omen da indarrean.
Marotok Europa Press Telebistari emandako elkarrizketa batean esan duenaren arabera, Espainiako Gobernuak irailaren 30era arte du aurrekontuen proiektua aurkezteko, baina "apur bat, ez asko" atzeratuko da, eta, horiekin batera, aldaketak aurkeztuko dituzte fiskalitatean.
"Luze hitz egin da dieselari buruz, baina oraindik ez da zirriborrorik mahaigaineratu, eragina duten sektoreekin batera, dieselaren gaineko zerga litzatekeena zehaztu ahal izateko", azaldu du. Karbono dioxidoaren emisioak nabarmen gora egin ostean, baina, Gobernua "arinago" joan behar da emisioak murrizteko trantsizioan, horren ustez.
Hala, Marotoren esanetan, Gobernua diesel erregaiaren gaineko zerga berriaren proiektua lantzen ari da, eta automozioaren sektorearekin batera aztertuko du, "zerga ona" abiapuntu hartuta emisioak murrizteko "bide orria" zehazteko, baina sektoreari aldaketa berrietara egokitzeko aukera emanda.