Ekonomia -
Arrantza
Hegaluzearen kanpaina abuztuaren amaierara arte luzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak
Bittor Oroz Arrantza sailburuordearen esanetan, Europar Batasunak ezarritako gehienezko kuotatik % 20ko tartea egon daiteke oraindik hilabete bukaerara arte.
eitb.eus
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak jakinarazi duenez, hegaluzearen kanpaina abuztuaren amaierara arte luzatu daiteke. Izan ere, Europar Batasunak ezarritako gehienezko kuotatik % 20ko tartea dagoela azaldu du. Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek orain arte arrantzatutako hegaluze kopurua datorren astean neurtu ostean jakingo dute datu zehatza.
Oraingoz Portugal da Europar Batasunean kuota gainditu gabe duen herrialde bakarra. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak eskaria egin dio Espainiako Gobernuko Arrantza Ministerioari, agintari portugaldarrei beste arrain baten truke aldaketa proposa diezaien. Datorren astean erabakiko du Espainiako Arrantza Ministerioak eskaria Lisboara bideratzen duen ala ez.
Aurtengo hegaluze kuota ona izan dela adierazi du Orozek. Arraina euskal kostaldetik oso gertu arrantzatu dutenez, gasolio gastua murriztu egin da. Jaurlaritzak uste du oraindik ere hilabete amaiera arte arrantzatzen jarraitzeko aukera dagoela.