Ekonomia -

Bankuen berkapitalizazioa

Hirugarren erreskate programa 'arrakasta handiz' amaitu du ofizialki Greziak

Herrialdea finantzatzeko eta bankuen birkapitalizazioa ordaintzeko Europako erreskate funtsetik laguntza gehiagorik behar ez izatea "arrakastatsutzat" hartu du Europako Egonkortasun Mekanismoak.

Grezia. Argazkia: EFE
Grezia. Argazkia: EFE
Amaitu da Greziako erreskate programa

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzi urtez indarrean egon den erreskate programa astelehen honetan amaitu du ofizialki Greziak. Herrialdeak 61.900 milioi euroko kreditua jaso zuen hirugarren erreskatean, eta Europako Finantza Egonkortasunerako Mekanismoak ziurtatu duenez, "arrakasta handiz" amaitu du erreskate programa.

Ildo horretatik, herrialdea finantzatzeko eta bankuen birkapitalizazioa ordaintzeko laguntza gehiagorik behar ez izatea "arrakasta" da, Europako Finantza Egonkortasunerako Mekanismoaren arabera.

Luxenburgon egoitza duen erakundeak nabarmendu duenez, Greziak ez du erreskate programak aurreikusten zuen 86.000 milioi eurorainoko laguntza bere osotasunean erabili behar izan, eta 24.100 milioi euro erabili gabe utzi ditu.

2012 eta 2015 bitartean, Europako Finantza Ikuskaritzaren Sistemak 141.800 milioi euroko laguntza eman zion Greziari.

Orotara, 203.770 milioi euro utzi dizkiote Greziako Gobernuari, "historia garaikidean aurrekaririk ez duen diru-kopurua", eta Greziak 42 urte beharko ditu zor guztiak ordaintzeko, baina maileguan utzitako dirua itzultzeko "oso baldintza onuragarriak" izango ditu, horren arabera.

2010 eta 2012 bitartean, Atenasek 52.900 milioi euro jaso zituen Europar Batasuneko kide diren herrialdeen eskutik, mailegu gisa.

"MEDE erreskate programa ziurtasun osoz amaitu dezakegu gaur, 2010etik lehen aldiz Grezia bere kabuz finantzatzeko gai baita orain", azpimarratu du Mario Centeno MEDEko presidenteak ohar batean.

Pierre Moscovici Europako ekonomia komisarioaren arabera, egun "historikoa" da Greziarentzat, autonomia berreskuratuko baitu, krisi garaian Eurogunetik irteteko arriskuan egon bazen ere.

Bestalde, Klaus Regling MEDEko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, finantzatzeko erreskate programa amaitu duen Europako bosgarren herrialdea da, "Irlanda, Espainia, Portugal eta Zipreren atzetik".

MEDEren arabera, zortzi urte hauetan Greziak 12.000 milioi euro aurreztu ahal izan ditu urtero, hau da, BPGaren % 6,7.

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), bere aldetik, 32.100 milioi euro utzi zizkion Greziako Gobernuari lehenbiziko bi erreskate programetan, eta dagoeneko 21.000 milioi euro bueltatu dizkio Greziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Nazioartea Batasun europarra Europa bideoak Ekonomia Grezia Albisteak