Ekonomia -
Motor-erregaiak
Gasolinaren eta gasolioaren prezioak nabarmen garestitu dira abuztuaren azken astean
Iazko datuekin alderatuta, gasolioa % 15 eta gasolina % 11,6 garestiago daude Espainiako gasolindegietan.
Agentziak | Erredakzioa
Udako oporrak amaitzear daudela, gasolina eta gasolioa nabarmen garestitu dira aste honetan merkatuan. Hala, aurreko bost asteetako joerari jarraiki, "itzulera operazioan" ibilgailuen depositua betetzea iaz baino garestiagoa izango da.
Zehazki, gasolina litroak, batez beste, 1,32 euro balio du aste honetan Espainiako Estatuko zerbitzuguneetan; hau da, orain astebete baino % 0,15 gehiago. Europako Petrolio Buletinak zabaldutako datuen arabera, ekaineko bigarren astetik eman den igoerarik handiena izan du gasolinaren prezioak aste honetan.
Bestalde, gasolioari dagokionez, batez beste, 1,23 euro balio du orain litroak, duela astebete baino % 0,16 gehiago. Erregai honek ere, ekaineko bigarren astetik eman den igoerarik handiena izan du abuztuko azken astean.
Espainiako Trafiko Zuzendaritzak (DGT) aurreikusi duenez, ostiral honetatik irailaren 2ra bitartean, abuztuko oporraldiaren azken txanpan, 4,5 milioi ibilgailu ibiliko dira Espainiako errepide nagusietatik, erregaia nabarmen garestitu den astean, hain zuzen.
Depositua betetzea iaz baino 9 euro garestiagoa da
Iazko datuekin alderatuta, gasolio litroa % 15 garestiago dago aurten Espainiako gasolindegietan, eta % 11,6 garestiago dago gasolinarena.
Horrela, egun indarrean dauden prezioak kontuan izanda, 55 litroko depositu bat gasolinaz betetzeko 67,6 euro behar dira, iazko epe berean baino 8,7 euro gehiago. Gasolinaz bete behar izanez gero, berriz, 73 euro behar dira, 2017ko abuztuan baino 7,5 euro gehiago.
EBko datuekin alderatuta, merkeago
Motor-erregaien prezioak nabarmen garestitu arren, Espainiako Estatuan Europar Batasunean baino merkeago dago gasolina; izan ere, gasolina litroak, batez beste, 1,46 eta 1,51 euro artean balio du Europako herrialde gehienetan. Gasolioari dagokionez, EBko batezbestekoa 1,35 eurokoa da, eta 1,36koa, eurogunean.