Ekonomia -

Epaiketa

Justiziak ez du delituen "zantzurik" aurkituko, Ibarraren esanetan

Ustezko prebarikazioagatik deklaratzen ari da Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskapen zuzendariordea, Probintzia Auzitegiko lehen sailean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskapen zuzendariordeak esan du Justiziak ez duela egozten dizkioten delituen "zantzurik" aurkituko. Bere esanetan, berak sortu zuen zerrenda "informatiboarekin" ez du "ez lanik ez ikuskaritzarik oztopatu".

Ustezko prebarikazioagatik deklaratzen ari da Bizkaiko Probintzia Auzitegiko lehen sailean. Ustez, ehun bat zergaduni datuak aldatu izana leporatzen diote Ibarrari, pertsona horiek zergak ez ordaintzeko helburuarekin. Horren trukean 337.000 euro lortu izana egozten diote.

Gaur, ''Ibarra auziaren'' lehen saioa egin dute Bilbon. Gaurkoan, fiskalaren eta gainerako hiru auziperatuen galderei erantzun die Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskapen zuzendariordeak.

Fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorra eta 800.000 euroko isuna eskatu du agiri publikoen etengabeko faltsutzeagatik, prebarikazioa eta dokumentuen zaintzaren desleialtasunagatik, kargudunen erosteagatik eta desobedientziagatik.

0052 zerrendari buruz aritu da Ibarra gaurko saioan. Ustez ''mesede tratua'' jaso zuten enpresa buruen zerrenda horri buruz esan du "irizpide profesionalengaitik interes berezia zuten zergadunen zerrenda bat zela", hau da, "gertutik jarraitu beharreko zergadunen zerrenda soil bat", lantresna informatibo modura erabiltzen zuena.

Bere hitzetan, zerrenda hori "publikoa eta irekia" zen.

Gaineratu duenez, Bizkaiko Foru Ogasuneko lan sistema kontutan hartuz, "ezinezkoa da" iruzurra egin eta lankideak horretaz ez konturatzea.

Bere ondasunen artean agertu ziren 337.000 euroei buruz argitu du "aitak emandako herentzia" izan dela, eta ez "mesedeen truke jasotako dirua".

Epaiketan deklaratu beharko dute baita hiru funtzionario ohik ustezko delitu horiek egiten laguntzeagatik. Jose Luis Bilbai Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Josu Bergarak ere deklaratuko dute, lekuko gisa.

Bihar goizeko 10etan berrekingo diote epaiketari. Oraingo honetan bere abokatuaren galderak erantzun beharko ditu Juan Ramon Ibarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea