Ekonomia -
Gobernu Bilera
GLLak jasotzeko 8.000 eurotik beherako ondarea ezarri du Jaurlaritzak
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran.
Erredakzioa
Jaurlaritzaren Kontseiluak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) emateko baldintzak arautzen dituen dekretua onartu du gaurko bileran
Onartutako dekretua aurrekoa ordezkatzen duen testua da. Jaurlaritzak azaldu duenez, lehengoak "hamar urte baino gehiago zituen", eta lege berria onartu zenean "zaharkituta geratu zen".
Dekretu berriaren ezaugarri nagusia, laguntzei buruz urtero agindu bat emateko aukera ematea da, urte bakoitzeko beharrizanei eta baldintzei egokitzeko; "horrela, informazio hobea eman ahal izango da GLLei buruz, prestazioa hobeto antolatu ahal izango da, eta irizpide berdintsuak ezarri ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidego osoan".
Dekretua garatuko duen aginduan diru-sarreren eta ondarearen arabera familiek jasoko dituzten portzentaiak jasoko dira. Ondarea ezin izango da 8.000 eurotik gorakoa izan (ohiko etxebizitza, garajea eta trastelekua salbu). Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren % 150 baino diru-sarrera txikiagoak dituztenek laguntzak jaso ahal izango dituztela xedatzen da, legeak agintzen duen moduan.
Horrez gain, udalen eta Jaurlaritzaren arteko hiru hileroko informazio-sistema ezartzen da, urtean zehar programak duen eboluzioa eta ematen diren laguntzak zein diren unean-unean jakin ahal izateko.
Larrialdietarako Laguntzak subentzio izaerako diru-laguntzak dira, ondoko gastuei aurre egitera bideratuak: etxebizitzaren alokairua, hipoteka, mantentzea eta ekipamendua, eta lehen mailako beste beharrizanak; besteak beste arropa eta sistema publikoak ordaintzen ez dituen mediku-gastuak (odontologia, politika, etab.)
Bestalde, Jaurlaritzak 17,3 milioi euroko aurrekontua onartu du Gizarte-Larrialdietarako Laguntzetarako. Kopuru hori arian-arian eskuratuko zaie udalei urtean zehar.