Ekonomia -
Uda baino lehen egingo dituzte
EBko herrialdeek estres testak egingo dizkiete berriro bankuei
Europar Batasuneko Ekonomia ministroek akordio politiko bat hartu dute uda baino lehen bankuei estres testak berriro egiteko metodologia zorrotzago batekin.
Erredakzioa
Europar Batasuneko herrialdeek estres testak egingo dizkiete berriro bankuei 2011ko uda baino lehen, Europako Bankuen Aginteak koordinatuta. "Metodologia hobetuko" dute, aurreko azterketetako gabeziak konpontzeko.
Beste irizpide bat erantsi dute azterketa horietan, bankuek likidezia lortzeko dituzten zailtasunak, Michel Barnier Zerbitzu Finantzarioetako komisarioak jakinarazi duenez.
"Test berriek likidezia izango dute kontutan; izan ere, likidezia krisi bat arrisku faktore bat da banku batentzat". Dena den, xehetasun teknikoak datozen asteotan negoziatu beharko dituzte.
Era berean, euroguneko herrietako zor publikoak bankuengan duen eragina kontutan izango dute, eta 2010ean egindakoak baino azterketa zorrotzagoak egingo dituzte.
Barnierrek azterketen "erabilera uniformea" aldarrikatu du, herrien arteko ezberdintasunak saihesteko, eta "emaitzen gardentasunaren" alde agertu da, sinesgarritasuna indartzeko.
Emaitzak aurkezten dituztenean "erantzun sinesgarri bat", arazoei erantzuteko modukoa, eskatu du Zerbitzu Finantzarioetako komisarioak.
2010eko uztail hasieran aurkeztutako datuen arabera, 91 entitatetatik zazpik ez zuten testa gainditu. Espainiako bost kutxa, Alemaniako banku bat eta Greziako beste banku bat izan ziren. Alabaina, horietan parte hartu zuten Irlandako bi bankuek, Bank of Irelandek eta Allied Irish Bankek, azterketa gainditu zuten.