Ekonomia -
Lan-gatazkak
Lan-hitzarmenen ultraaktibitatea iraungi egiten dela berretsi du Auzitegi Gorenak
Iraungitako lan-hitzarmenek ezin dutela “betiko” iraun ebatzi du, eta goragoko lan-hitzarmena aplikatu behar dela aurrekoa iraungi denetik urtebetera.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Gorenak ebazpena kaleratu du doktrina bateratzeko, eta lan-hitzarmenen aurreraeraginak urtebeteko epea duela ezarri du. Hortik aurrera, iraungitako lan-hitzarmenak indarra galduko du, eta eremu zabalagoko hitzarmen kolektikoa aplikatuko da, halakorik badago.
Hala, Gorenak irizpidea ezarri du lan-hitzarmena iraungi eta akordiorik ez dagoenean izan beharreko jokabideaz. Langileen Estatutuko 86.3 artikulua ekarri du gogora auzitegiak: "Lan-hitzarmena iraungi eta urtebetera berririk adostu ez bada edo arbitraje laudorik ez badago, indarra galduko du, eta aplikatzea dagokion eremu zabalagoko lan-hitzarmen kolektiboa ezarriko da".
Hala ere, Bilboko Gai Sozialetako aretoko epaitegi batek kontrakoa ebatzi zuen bere garaian, langilearen kalte-ordaina iraungita zegoen lan-hitzarmenaren araberakoa zela, ez goragoko mailakoa.
Gorenaren arabera, ultraaktibitatea aurreko lan-hitzarmenaren klausulei eusteko da hurrengo lan-hitzarmena negoziatzen den bitartean, gehienez urtebetez, baina "ez da lan-hitzarmena amaitu denean hutsuneak betetzeko".
Hori dela eta, arauaren hutsunea saihesteko, eremu zabalagoko lan-hitzarmena aplikatzea agintzen du. Horrela lan hitzarmen berriaren negoziazioa bizkortu ere egiten dela azpimarratu du auzitegiak.