Ekonomia -
ABUZTUKO DATUAK
Bidaiarien kopuruak gora egin du Foronda, Hondarribia eta Loiuko aireportuetan
Guztira, 559.205 bidaiari igaro dira Euskal Autonomia Erkidegoko aireportuetatik abuztuan.
AGENTZIAK
Euskal Autonomia Erkidegoko aireportu guztietan, gora egin du bidaiarien kopuruak abuztuan. AENA aireportuen kudeatzaile publikoak emandako datuen arabera, guztira 559.205 bidaiari igaro dira aurreko hilabetean aireportu horietatik.
Loiuko aireportuak 523.101 pertsona garraiatu zituen abuztuan, iaz baino % 10,4 gehiago. Urtea hasi denetik, 3,6 milioi bidaiari igaro dira bertatik, iazko epe berean baino % 9,2 gehiago. AENAk ohar batean jakinarazi duenez, bidaiarien kopuruak "gora" egiten jarraitu du. Operazio kopuruari dagokionez ere, gora egin du: % 8,8 (4.367 mugimendu) abuztuan, eta % 4,6 (33.042 mugimendu), berriz, urtea hasi zenetik.
Hondarribian igoera handiagoa izan da, % 22,4koa, guztira 22.545 erabiltzaile pasatu baitira bertatik. Urtarriletik abuztura bitartean, 193.343 bidaiari igaro dira aireportu horretatik, aurreko urteko epe berean baino % 4,1 gehiago. Operazio kopuruari erreparatuz gero, baina, % 1,3 egin du behera, 547 izan baitira. Urtea hasi zenetik 4.364 mugimendu izan dira (% 3,8 gutxiago).
Forondak gorako bideari eutsi dio. AENAk emandako datuen arabera, 13.559 bidaiari mugitu zituen batetik bestera abuztuan, iaz baino % 58,9 gehiago. Urtarriletik abuztura, 95.374 bidaiari igaro dira bertatik. Abuztuan, 823 aireratze eta lurreratze izan dira (% 3,4 gutxiago), eta urteko lehen zortzi hilabeteetan, 6.357 (% 20 gehiago).