Ekonomia -

Lan-istripuak

Nafarroa lan-istripuen hazkundean lehena dela salatu du CCOOk

Lehen seihilekoan lan-istripuak etengabe hazi direla dio sindikatuak. 4.904 zauritu arin, 37 larri eta bi hildako izan dira.

Cintruenigon izandako lan-istripu baten argazkia. @policiaforal_na
Cintruenigon izandako lan-istripu baten argazkia. @policiaforal_na
Cintruenigon izandako lan-istripu baten argazkia. @policiaforal_na

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO sindikatuak Nafarroan lan-istripuak etengabe hazi direla salatu du, lan ezbeharren hazkundean lehena izan baita foru erkidegoa lehen seihilekoan.

Sindikatuak lan-istripuen inguruan ostegun honetan aurkeztutako txosteneko datuen arabera, medikuak emandako baja hartuta 4.943 istripu izan dira Nafarroan: 4.465 lanaldian, eta 478 lanerako bidean jaso ziren.

Hortaz, Nafarroan % 9,6 (433 istripu gehiago) istripu gehiago izan dira, eta Espainian % 2,6koa izan da hazkunde hori. 4.904 zauritu arin, 37 larri eta bi hildako izan dira lehen seihilekoan.

Sektoreka aztertuz gero, zerbitzuetan % 40,75 istripu eman dira; industrian, 45,64; eraikuntzan, % 8,1; eta, nekazaritzan, % 5,44.

2017ko lehen seihilekoan izandako lan-istripuekin alderatuta, lan-istripuak % 6,5 hazi dira nekazaritza sektorean; % 11, industrian; eta, % 10,2, zerbitzuetan. Eraikuntzan, berriz, % 6.3 behera egin dute.

Datuon "larritasunaren" aurrean, CCOOk "lanari ekiteko eta neurriak hartzeko" eskatuko dio Nafarroako Gobernuari.

Ildo horretan, lan osasunaren eta laneko arriskuen prebentziorako enplegu planaren mahaia premiaz deitzeko eskatu dute, lan-istripuen hazkundeari aurre egiteko.

Sindikatuarentzat, Laneko Arriskuen Prebentzio Legea "tresna erabilgarria da oraindik", baina "bultzada" bat eman behar zaio "lan osasunak bizi duen hondamena konpontzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO sindikatua