Ekonomia -
Astelehenean sinatuko dute
Sindikatuek eta AENAk pribatizazioarako aurreakordioa lortu dute
Sindikatuen arabera, pribatizazio prozesuak lanpostuak babestu eta lan baldintzak mantenduko ditu, baina defizita sortzen duten aireportuei kalte eragingo die.
Erredakzioa
AENAko zuzendaritzak eta sindikatuetako ordezkariek aireportuen % 49 pribatizatzeko aurreakordio bat lortu dute, AENAko iturriek jakinarazi dutenez.
Dena den, datorren astelehenera arte ez dute aurreakordio hori sinatuko.
AENAko enpresa batzordeko sindikatuetako ordezkariek atzo egoera salatzeko aireportuetan eta lan zentroetan elkarretaratzeak egin ostean eman da aurreakordioa.
AENAren arabera, aurreakordioak sindikatuen aldarrikapen nagusienetariko bat jasotzen du: lan-hitzarmen bakarraren sorkuntza.
Dena den, lan-hitzarmen horretan ez lirateke sartuko aire-kontrolatzaileak, lan-hitzarmen propioa baitute.
Halaber, sindikatuetako iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, akordio berme batzuk finkatzeko oinarrizkoa da, baina AENAren pribatizazioak kalte ugari eragingo ditu, besteak beste, aireportuetako tasek gora egingo dute.
Era berean, pribatizazio prozesuak lanpostuak babestu eta lan baldintzak mantenduko ditu, baina defizita sortzen duten aireportuei kalte eragingo die, sindikatuen ustez.