Ekonomia -
Elkarrizketa ETBn
Erkorekak martxorako 'transferentzia sorta' iritsiko dela iragarri du
Diputatu jeltzaleak esan du Madrilgo Gobernuarekin egiten ari diren negoziazioetan ez dagoela Jaurlaritzaren ordezkaririk. Bestalde, baieztatu egin du CNIren zuzendariaren agerraldia eskatuko dutela.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak iragarri du otsaila amaitu aurretik "transferentzia sorta on bat" iritsiko dela, baina ez du zehaztu nahi izan zeintzuk izango diren.
ETBren ''Egunon Euskadi'' saioan egin dioten elkarrizketa batean Erkorekak azaldu duenez, urtarrilaren 1etik ari dira negoziatzen Espainiako Gobernua eta EAJ sei transferentzien inguruan. Hala ere, ez du esan zeintzuk diren eskumen horiek ez lortzeak sor lezakeen "frustrazioagatik".
Gainera, negoziazio horietan "diputatu sozialistek eta jeltzaleek bakarrik" dutela lekua esan du, eta ez dagoela Eusko Jaurlaritzaren ordezkaririk.
CNIren zuzendaria
Bestalde, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren ustezko espioitza kasuari buruz, diputatu jeltzaleak baieztatu egin du Espainiako Inteligentzia Zentroko (CNI) zuzendariaren agerraldia eskatuko duela Kongresuan Ibarretxe espiatu zuten ala ez argi dezan.
Erkorekak esan du oso larria dela Jaurlaritzako goi kargudun ohi batek CNIrentzat Ibarretxe espiatu zuela esatea.
Gainera, bozeramaile jeltzaleak uste du zuzendariak aipatu informazioa gezurtatzen badu, argitu egin beharko duela goi kargudun ohiaren kontrako neurriak hartuko ote dituen akusazio faltsuengatik.