Ekonomia -
Bozketa, arratsaldean
PP, CiU eta ezkerreko alderdiak, erretiro adina atzeratzearen aurka
Kongresuak Toledoko Itunaren proposamenak bozkatuko ditu gaur arratsaldean. Hiru egun barru, Gobernuak pentsioen erreforma onartuko du.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak Toledoko Itunaren gomendioak bozkatuko ditu gaur arratsaldean, pentsioen erreforma dela eta. PPk, CiUk eta ezkerreko alderdi txikiek (ERC, IU, ICV, BNG eta NaBai) boto partikularrak aurkeztu dituzte, erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratzea errefusatzeko.
Azken egunetan, alderdi horiek, PPk eta ezkerrekoek batik bat, jarrerak gerturatu dituzte, proposamenak adosteko, baina azkenean ez dute testu bateraturik hitzartu.
Hori horrela, sozialistek EAJren eta CCren babesa baino ez lukete jasoko. Dena dela, oraingoz ez dago argi zer bozkatuko duten.
2010eko amaieran onartutako gomendioen txostenean argi utzi zuten taldeek erretiro adina atzeratzeko ezetza, eta aurten pentsioak ez izozteko eskatu zuten.
Diputatuen pentsioak erreformatzeko proposamena
Bestalde, Jose Bono Kongresuko presidenteak proposamen bat helaraziko die gaur diputatuei haien pentsioen sistema erreformatzeko.
Ez du proposamena zehaztu nahi izan, baina zeregin horretan "arbitro" lanak egingo dituela azaldu du.
Gonzalezen eta Aznarren pentsioak
Behe Ganberaren osoko bilkurak IUren proposamen bat ere bozkatuko du, diputatuen bateraezintasunak zorrozteko. Helburua, beste soldata bat dutenek pentsioa ez jasotzea, Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar presidente ohiek, kasu.
Hain justu, pentsioak bi urtez baino ez jasotzea eta beste soldata bat izanez gero ezer ez jasotzea proposatu dute.