Ekonomia -

pentsioak

552.875 pentsio izan dira irailean EAEn, 2017an baino % 1,3 gehiago

1.189 eurokoa izan da batez besteko pentsioa irailean, 2017koa baino % 3,8 handiagoa. Nafarroan, aldiz, 1.101 eurokoa izan da, igoera bera izan baitu.

Argazkia: Pedro Ribero Simoes
Agure bat eserleku batean.
Argazkia: Pedro Ribero Simoes

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 552.875 pentsio izan dira irailean, hau da, aurreko urteko irailean baino % 1,3 gehiago. Bestalde, batez besteko pentsioa 1.189,95 eurokoa izan da, iazko hilabete berean baino % 3,8 handiagoa.

Horrela, Estatuko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak astelehen honetan jakinarazi dituen datuen arabera, EAEko pentsioak Estatuko altuenak dira, eta Asturiaskoak (1.129 euro) eta Madrilgoak (1.128 euro) daude zerrenda horretan jarraian.

EAEko pentsiodunak Estatu osoko pentsioen % 5,7 dira. Datuak lurraldez lurralde aztertuz gero, Bizkaian 289.194 pentsio eman dituzte  irailaren 1ean (aurreko urteko hilabete berean baino % 1,1 gehiago); Gipuzkoan, 187.518 (% 1,4 gehiago); eta Araban, 76.163 (% 2,1 gehiago).

Pentsioen batez besteko kopuruari dagokionez, Araban batez beste 1.210 euro jaso dituzte pentsiodunek; Bizkaian, 1.200 euro; eta, Gipuzkoan, 1.164.

552.875 pentsioen artean erretiro-pentsioak dira nagusi: 356.734 daude eta, batez beste, 1.361 eurokoak dira. Jarraian, alarguntza-pentsioak daude, 135.355 ordaindu baitituzte; batez beste, 818 euroko jaso dituzte horien hartzaileek irailean.

Bestalde, ezintasun iraunkorra duten 42.892 pertsonak jaso dute pentsioa irailean; batez beste, 1.222 euro jasotzen dituzte hilean. Azkenik, 15.564 umezurtz-pentsio eman dituzte irailean Euskadin (465 eurokoak, batez beste), eta senideen aldeko 2.330 eman dituzte (688 eurokoak, batez beste).

Nafarroan

Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, 135.309 pentsio ordaindu dira irailean, 2017ko hilabete berean baino % 1,4 gehiago, eta, batez beste, 1.101 euro jaso ditu pentsiodun bakoitzak, % 3,8 hazi baitira.

Ordaindutako pentsio guztien artean, ezintasun iraunkorreko 10.892 pentsio ordaindu dituzte Nafarroan irailean; batez beste, 1.131,5 eurokoak izan dira.

Erretiro-pentsioei dagokienez, 90.130 izan dira (batez beste, 1.250,6 eurokoak), eta 29.636 alarguntza-pentsio (batez beste, 740,4 eurokoak).

Nafarroan, 4.242 umezurtz-pentsio izan dira (batez beste, 412,3 eurokoak), eta senideen aldeko 409 (batez beste, 602,8 eurokoak).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak