Ekonomia -

Txoferdun zerbitzua

Alokairuko auto txoferdunei lizentziak kentzeko eskumena izango dute udalek

Uber, Cabify eta halako enpresen zerbitzua arautzeko eskumena gobernu autonomikoen eta udalen esku uztea erabaki du Sustapen Ministerioak, taxi-sektorearekin duten gatazka bideratzeko asmoz.

Taxi-sektorea eta Uber bezalako enpresak gatazkan daude. Artxiboko argazkia: EFE
Taxi-sektorea eta Uber bezalako enpresak gatazkan daude. Artxiboko argazkia: EFE
Taxi-sektorea eta Uber bezalako enpresak gatazkan daude. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uber eta Cabify bezalako enpresek eskaintzen dituzten alokairuko auto txoferdunei lizentziak kentzeko eskumena izango dute udalek, lau urte barru.

Hala erabaki dute gaur Espainiako Gobernuaren ministro kontseiluan. Neurri honekin aipatu enpresek eta taxi-sektoreak bizi duten gatazkari konponbidea emango diotela espero dute.

Taxilariek sarritan eskatu dute lizentziak murriztea; izan ere, egun alokairuko auto txoferdunak legeak ahalbidetzen duen taxiak baino gehiago dira. Horregatik, enpresa horiei 30 taxiko lizentzia bat baino gehiago ez ematea exijitzen dute taxilariek.

Nolanahi ere, Sustapen Ministerioak zehaztu du tokian tokiko administrazioaren esku egongo dela murrizketa hori aplikatzea edo ez. Gainera, lau urte barru arte ezin izango dute lizentziarik kendu. Aitzitik, oraindik izango dute Uber eta Cabify bezalako enpresen zerbitzua emateko baldintzak arautzeko ahalmena, taxilariarekin egiten duten moduan.

Besteak beste, txoferdun zerbitzuaren gehienezko eta gutxieneko ibilbideak, ordutegiak, joan-etorrietarako baldintzak nahiz ibilgailuaren ezaugarriak zehaztu ahal izango dituzte udalek.

Taxi-sektorea eta alokairuko auto txoferdunak eskaintzen dituzten enpresak hilabete luzeak daramatzate gatazkan. Erabaki honen bidez bi garraio zerbitzuak tokian tokiko araudien menpe egongo dira. Horrela bada, neurri honek konponbidean lagunduko duela uste du Espainiako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua Espainia bideoak Ekonomia Albisteak VTC zerbitzua albisteak